Urretxuko Udalak 8,8 milioi euroko aurrekontua izango du 2018an
Urretxuko Udalak 8,8 milioiko aurrekontua izango du 2018an, aurten baino %1,89 gehiago. Aurrekontua EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu da. EH Bildu eta Irabazi abstenitu egin dira. Sarrerei dagokienez, gora
Urretxuko Udalak 8,8 milioiko aurrekontua izango du 2018an, aurten baino %1,89 gehiago. Aurrekontua EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu da. EH Bildu eta Irabazi abstenitu egin dira.
Sarrerei dagokienez, gora egin dute. Igoera honek bi arrazoi ditu: tasen igoera eta Gurutze Santuko operazio urbanistikoa. Bertan babes ofizialeko 24 etxebizitza eta 22 etxebizitza libre egingo dira eta sustatzaileak 445.000 euro ordainduko dizkio udalari.
Gastuei dagokienez, 693.000 euro inbertsiotarako erabiliko dira: iaz baino %10 gehiago. Inbertsio garrantzitsuena igerilekuan egiten ari direna da: bertako makinak eta putzua berritu behar dituzte. Obra dagoeneko martxan da eta igerilekua udarako prest egongo da. Udalak 400.000 euro inbertitu behar ditu obra honetan.
Gainontzeko inbertsioak txikiagoak dira: espaloien konponketa, altzari berrikuntza, haur parkeen berrikuntza, Kalerrotako eskaileraren berrikuntza Urrelur museoan eta eguneko zentroan hobekuntzak, Barrenkale, Ipeñarrieta eta Matxinporta kaleak asfaltatzea, argiteriaren berrikuntza, baserri bideen hobekuntza, kiroldegian eta pilotalekuan berritze lanak…
Jon Luqui alkateak udalaren zorrak inbertsio handiagoak egitea zailtzen duela esan zuen. Hala, Kalerrota eta Labeaga lotuko dituen igogailua ezin izango da 2018an jarri.
Oposizioaren iritzia
EH Bilduko Oihane Zabaletak gizarte kohesioaren alde nahikoa lan ez egitea leporatu zion gobernu taldeari. «Inguruko eskualdeetan baino errenta per capita baxuagoa dugu, emakume formatu langabetuen tasa altuena eta industria sorkuntza maila baxua. Hori dela eta, hamar urretxuarretatik zortzik beste eskualde batzuetan lan egiten dute».
Hurrengo hauteskundeetarako alderdi guztiek elkarlanean etxeko lanak egin behar dituztela esan zuen. «Estrukturazko arazoei irtenbidea eman behar zaie. Sarralderi eta pasiotarren eta mojen eraikinei erabilpena eman behar zaie eta alde zaharra biziberritzeko plan bat egin behar da. Honek guztiak biziberritze sozioekonomiko bideragarri eta sostengarri bat diseinatzea eskatzen du».
Natividad Nieves PSE-EEko zinegotziak sozialistek aurrekontuetan sartu dituzten bost egitasmoak aipatu zituen: ahal bezain laster Kalerrota eta La- beaga lotuko dituen igogailua jartzeko konpromisoa, bidegorriko seinalizazioa hobetzea, adinekoen bakardadea saihesteko ikastaro bat, elkartasunaren feria antolatzea eta txirotasun energetikoari aurre egiteko neurriak hartzea.
Azkeneko osoko bilkuran batzordeburu aldaketa bat ere onartu zen. Aurrerantzean, Maialen Fidalgo Sustapen Soziokulturaleko batzordeburua izango da. Jon Luqui alkateak, berriz, Gizarte Ekintza batzordearen ardura hartuko du.