Gorka Izagirre ziklo-krosean txapeldunorde
Gorka Izagirre txirrindulari profesional ormaiztegiarrak 2. egin du Euskadiko Ziklo-Kros Txapelketan. Izarran (Araba) jokatu zen, larunbatean. Izagirrek laugarren proba zuen, Lezaman, Arrasaten eta Oviedon parte hartu ondoren. Errepideko denboraldia as...
Izarrako proban —ormaiztegiar ugari ziren ikusten—, bigarren lerrotik irten zen Izagirre. Aurrekoei abantaila eman zien horrek, eta atzetik pilatuta zetozenekiko aurreneko tartea atera zuten faboritoek. Aitor Hernandez bizkaitar eta Javier Ruiz de Larrinaga arabar espezialistak ziren faborito. Ormaiztegiarrak, pixkanaka, postuak aurreratu zituen, eta Ruiz de Larrinagaren atzean kokatzea lortu zuen. Arabarrak arazo bat izan zuen gero, barrutia mugatzen zuen zinta batekin trabatuta, eta denbora galdu zuen. Saiatu zen Izagirre harrapatzen, baina ez zuen bere eguna izan Ruiz de Larrinagak.
Aurretik, lasterketa buruan Hernandezek bakarrean egin zuen bukaerara arteko guztia. Izagirrek denbora jan zion bigarren lekutik, baina ez zuen nahikoa izan harrapatzeko. Helmugan, Hernandezek (1:06:07) 31 segundo atera zizkion Gorka Izagirreri, eta 2:53 Ruiz de Larrinagari. Lokatza bazen Izarrako zirkuituan, baina giroa ona zen.
Nesketan Olatz Odriozola da Euskadiko txapeldun, eta master 50-60an Xabier Mendiaraz zaldibiarra. Master 30ean, Jon Urteaga idiazabaldarra 2.a izan zen, eta Iñaki Goiburu legazpiarra 3.a.













