Mikel Aiestaranek ireki du gaur Goiturreko sagardo denboraldia
Aurtengoan ere, eta laugarren aldiz Goierri eskualdean, Goitur-eko kide diren sagardotegien irekiera ospatzeko Txotx irekiera ofiziala egin dute gaur, Ordiziako Tximista sagardotegian. Mikel Aiestaran kazetari beasaindarra gonbidatu dute eta bera izan da sagardoa dastatzen lehena. «Hau da Goierriko sagardo berria. Txotx!» esan du. Goiturreko zazpi sagardotegietako ordezkariak ere bertan izan dira, baita Niko Osinalde, Goiturreko zuzendaria, Amaia Blazquez, Tximista sagardotegiko kidea eta bertaratutako beste hainbat pertsona.
Ekialde hurbiletik iritsi berri, Mikel Aiestaran kazetariak dastatu du lehenengo sagardoa eta lehenengo basokada edan ondoren «bixi-bixia eta indartsua» dela adierazi du.
Azkeneko urtean, kazetaritzaren munduan egindako lanari esker eskuratutako hainbat sari jaso ondoren, horrelako ekimenetarako ere berarekin oroitzea «ohore handia» dela esan du eta bere «esker ona adierazi» die bertaratutako guztiei. Gainera, «orain dela urte asko Ordiziako festetan Tximista sagardotegian lana egindakoa dela ere kontatu du. Azkenik «lurralde santura botila batzuk eramango» dituela ere adierazi du, «Goierriko sagardoarekin Txotx alternatiboa egiteko».
Sagardo denboraldi berriaren irekiera, «Goierriko nahiz inguruko eskualde eta herritako jendeari zuzendua dago», Osinaldek adierazi duenez eta «Goierri destino turistiko izanik, bertako sagardotegiek jendea erakartzen lagunduko» dutela ere esan du, horrela, «bertara datozenek, Goierriko txokoak ezagutzeko beste aukera bat ere izango» dutela nabarmendu du.
Goierriko zazpiak bat
Goierri eskualdean, sagardotegiek garrantzi nabarmena dute eta gau Ordizian burututako irekieran, Goiturren barruan dauden zazpi sagardotegietako ordezkariak izan dira; Altzagako Olagi, Ataungo Urbitarte, Legorretako Aulia, Olaberriako Etxe Zuri, Zeraingo Oiharte eta Otatza eta Ordiziako Tximista.
Zazpi sagardotegi hauek ekoizleak dira eta beraiek egindako sagardoa eskualdean, Euskal Herri osoan eta estatuan ere saltzen dute. Amaia Blazquezek, Tximista sagardotegiko kideak adierazi bezala «sagar uzta handiko urtea izan da eta 500.000 litro inguru» egin dituzte Goierriko sagardotegietan.