Eguraldi euritsua iragarrita dagoenez, lokatza ziurra izango dela diote antolatzaileek. Izagirre anaiek ez dute parte hartuko. Lur Zufiria ormaiztegiarra kimuetan ariko da
Ormaiztegin 47. Ziklo-kros proba igandean izango da. Etenak eten, lehenengo aldiz 1962an antolatutako txirrindulari probari segida emango diote. Bihar, aurreneko proba masterrena izango da, 10:00etan. Mailaz maila orduro, 13:00ak arte, lasterketa bana ikusteko aukera izango dute Ormaiztegira joaten diren zaleek. Guztira 200 bat txirrindulari elkartuko direla aurreratu du Angel Elortza Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarte antolatzaileko kideak.
1960ko hamarraldiko lehenengo proba haiek Basotxulo elkarteak antolatu zituen. «Haiek ausartu egin ziren, eta izandako arrakasta ikusita, aurrera egin zuten», azaldu du Elortzak. Urte batzuetako etenaren ondoren, orain hamalau urte inguru talde antolatzaile berria osatu zuten, eta martxan jarri zuten berriro proba. «Estatuko proba zaharrena da», dio Elortzak.
Ormaiztegik txirrindularitzarekin duen lotura estuaren isla da bertan sortu den harrobiaren uzta. «Iñaki Maiora eta Jose Ramon Izagirre titulu ugari irabazitakoak dira. Gorka eta Jon Izagirre anaiak ere —Jose Ramonen semeak— hasieran ziklo-krosean aritu ziren, eta oraindik ibiltzen dira ahal badute». Etzi ez dute Ormaiztegiko proban parte hartuko, Australiara joan direlako; «penaz geratu dira».
Ziklo-kroslari nabarmenak
Alacanteko Felipe Orts Munduko Txapelketan bigarren egindakoa Ormaiztegin izango da, eta Elortzaren esanetan, bera da irabazteko faborito nagusia elite mailan. Javier Ruiz de Larrinaga arabarra —zortzi aldiz irabazitakoa da Ormaiztegin—, Aitor Hernandez bizkaitarra —bi aldiz— eta Kantabriako Ismael Esteban Espainiako txapelduna ere bertan izango dira.
Nesketan, Olatz Odriozola gipuzkoarra aipatu du Elortzak elite mailan indartsuentzat. Lur Zufiria ormaiztegiarra ere lehiatuko da etzi, kimuen mailan, 11:00etan hasita.
Zirkuituak 2.500 metro ditu luzean, eta aldaketa gutxi egin dizkiote ibilbideari. Aldaketa bakarra eskolara joateko bide berriak eragindakoa da. Eguraldi txarra iragarrita dago. «Lokatza bermatuta dagoenez, txirrindulariek gozatuko dutelakoan gaude», bukatu du Elortzak.