Lazkaon igandean ospatuko dute Astotxo festa, egutegian izan litekeen garaizena
Eguberriak gainontzeko herrien paretsu bukatuko dituzte aurten Lazkaon ere. Astotxo ospatuko dute, baina egutegiaren kapritxoz, Errege egunaren biharamunean aurten. Hala, asteburu berean itxiko dute lazkaotarrek Gabon egitaraua, normalean egun batzuk edo astebete gehiago luzatzen bada ere.
Aspaldiko urteetan bezala, protagosta bat eta bi osagai nagusi izango ditu igandeko festak. Astoa da izarra, eta bi ekitaldirekin goratuko dute: Enkarterri astoen lehiaketa, kalifikazio ofiziala eta erakusketa Euskadi enparantzan; eta Egiptorako ihesa herritarren kaleko antzezpena Lazkao Txiki Zelaian.
Eguraldi iragarpen beltzari begira daude lazkaotarrak, Astotxo aurreko egunotan. «Buruhauste handiena eguraldia dugu oraintxe. Oso txarra eta euritsua dago emanda, eta Egiptorako ihesa antzerkia baldintzatuko digu. Ikusi beharko da zer puntutaraino», azaldu du Asier Sukiak, antzezpenean Herodesen papera egiten duen lazkaotarrak.
Festa goizean hasiko da, 09:00ak aldera. Giasel elkartearen bidez, 100 bat asto ekarriko dituzte ganaduzaleek Lazkaora, eta plazan jarriko dituzte erakusketan. 09:30ean asto diana egingo dute, herrian barrena. Edozein herritarrek izango du aukera joateko: «Astoa eskutik eraman nahi duen edonor gonbidatzen dugu. Plazara joan, bat aukeratu, eta harekin paseotxoa egin dezake», gonbidatu du Egoitz Bergarak, Antsoategi elkarteko antolatzaileak.
Enkarterri asto arraza autoktonoen kalifikazioa egingo dute, gero, albaitariek eta adituek. Orain arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan epaimahai bana aritzen bazen ere, bateratu egin dute kontseilua, hiru herrialdeetarako bakarra sortuta.
Astotxo txikia eta handia
Lehendik euskal astoaren kalifikazioa dutenak eta egunean bertan lortzen dutenek —normalean kumeak izaten dira berriak— Gipuzkoako asto ederrenen lehiaketan parte hartuko dute, 12:00ak aldera. Asto ar eta eme onenak aukeratuko dituzte.
Salda banatuko dute plazan, urtero bezala. 13:00ak aldera banatuko dituzte sariak.
Plazatik Zelaira aldatuko da orduan ikuskizuna. 12:30ean, Astotxo txikia antzeztuko dute umeek, eta 13:00etan Egiptorako ihesa 150 bat lazkaotarrek.
Bestetik, Zistertar mojen Santa Ana monasterioko elizan, Jesusen familiaren ihesa irudikatzen duen eszena ikusgai egongo da, eskultura handien bidez. Maria Lazkanok, Lazkao etxeko andreak eta Antonio Okendo almirante eta itsasgizonaren alargunak, 1652an sortu zuen Bibliako pasartea goratzeko kofradia. Santa Ana komentua bera, 1646an sortu zuen Maria Lazkanok, senarra hiltzean. Mojek olatak salduko dituzte.
Zirkulazioan aldaketak
Lazkaoko Udaltzaingoak ohar batzuk bidali ditu, igandean erdiguneko kaleetako zirkulazioan aldaketak izango direlako. Lazkaora sartzeko saihesbidea erabiltzeko aholkatu dute. 10:00etatik 15:00etara, bestetik, Lazkanotarren jauregitik Areso kaleko 1. zenbakira arte bidea itxita egongo da ibilgailuentzat.
Goierrialdearen lineako autobusen geralekua Hirigoien 14an izango da jaian, Zelaian ez.