
Gasteiz eta Ezkio. Horiek ziren AHTren EAEko eta Nafarroako zatiak lotuko dituen korridorea egiteko hautagaiak. Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariak Euskal Herrian dira gaur; goizean Iruñean egin dute agerraldia, eta arratsaldean Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bilduko dira. Iñigo de la Serna sustapen ministroak Gasteizen aldeko apustua egin du, haren esanetan, “alternatiba ekonomikoagoa” baita Arabakoa. Guztira 600 milioi euro inguruko kostua izango du. Behin betiko erabakia ez dago oraindik hartua, orain informazio publikorako epea zabalduko baitute. Baina ministroaren esanetan, “alde handia” dago bi aukeren artean.
Hasera batean bost proiektu aurkeztu zituzten, baina Gasteiz eta Ezkio ziren aukera gehien zituztenak. Ibilbiderik motzena Ezkiokoa zen, baina baita garestiena eta ingurunean eragin gehien izango zuena ere. “Ezkio eta Gasteizko alternatibak dira onartu ditugunak, beste guztiak egin ezinezkoak zirelako, ekonomikoki edota orografikoki. Bi horien artean, Ezkioko alternatibak zalantza ugari pizten ditu kostuaren inguruan, azpiegitura itzela eskatzen baitu”. Izan ere, lotunea Ezkion egiteko proiektuak Aralar parke naturala zeharkatuko lukeen 21 kilometroko tunela egitea eskatzen zuen. Lotunea Arabatik egiteko berriz, 5 kilometroko tunela egin beharko dute.