Astelehenean zabalduko dute Zegama-Aizkorri mendi maratoian izena emateko epea
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 17. edizioak badu data. Maiatzaren 27an jokatuko da eta Migu Run Skyrunner World Series txapelketarako puntuagarria izango da. Izena emateko epea, datorren astelehenean, urtarrilak 15 zabalduko dute kirolprobak.com webgunearen bitartez. Epea otsailaren 2an bukatuko da, eta 23an egingo dute dortsalen zozketa.
42 kilometroko proba nagusiarekin batera, Kilometro Bertikala ere egingo dute maiatzaren 25ean. Skyrunner National Series txapelketarako eta Euskadiko Koparako puntuagarria izango da. 3 kilometroko luzeera eta 1.015 metroko desnibela du ibilbideak, eta 200 lagunentzako tokia izango da. Bestalde, igande goizean VII. Zegama-Aizkorri Junior Traila ere egingo dute, 16 eta 18 urte artekoentzat.
Gaur aurkeztu dute maratoiaren edizio berria Donostian. Joseba Izagirre alkatea, Goizane Alvarez Foru Aldundiko kirol zuzendaria eta Alberto Aierbe probaren antolakuntza taldeko burua izan dira bertan. Izagirrek “probaren zutarriak sortu zireneko berberak” direla gogorarazi du, eta 500 boluntariok egun horretan egiten duten lana azpimarratu du. Probak, “elkartasunaren, borondatezko lanaren, eskuzabaltasunaren eta doakotasunaren balioei” eusten diela azaldu du.
![Zegama Aizkorri](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/01/Zegama-Aizkorri.jpg)