Ekintzaileei diru-laguntzak emango dizkiete
Bosgarren urtez jarraian, Urola Garaiko mankomunitateak, Uggasa garapen agentziaren bitartez, Lanbideren erakunde laguntzaile egin da eta ideiak garatzeko tutoretzak eskainiko ditu. Tutoretza intentsibo hauek proiektu edo ideia bat duten pertsonei
Bosgarren urtez jarraian, Urola Garaiko mankomunitateak, Uggasa garapen agentziaren bitartez, Lanbideren erakunde laguntzaile egin da eta ideiak garatzeko tutoretzak eskainiko ditu. Tutoretza intentsibo hauek proiektu edo ideia bat duten pertsonei zuzenduak daude. Lehen saioa urtarrilaren 16an izango da eta azkena apirilaren 16an. Ikastaroa amaitzen dutenean, baldintza guztiak betetzen badituzte, Lanbideren diru-laguntza bat jaso ahal izango dute.
Parte hartzaileak astero elkartuko dira Uggasaren Sortzen eraikinean. Ondoan, egoera berean dauden beste pertsona batzuk izango dituzte. Uggasak bere baliabideak eta esperientzia eskainiko dizkie. Prozesuak aurrera egin ahala, proiektua garatzeaz gain, errealagoa izatea lortuko dute. Izan ere, bideragarritasun plana eta proiektua martxan jartzea landuko dituzte. Prozesu honek beraien negozio ideia borobiltzen eta zehazten lagunduko die. Taldekako formazioa den heinean, beraien egoeran berean daudenen ekarpenak eta ideiak oso baliagarriak izango zaizkie.
Formazioa amaitutakoan Lanbidek emango dituen diru-laguntzak eskuratzeko baldintza batzuk bete behar dira: EAEn erroldatua egon, langabezian eta Lanbiden izena emanda egon, jarduera ekonomikoen gaineko zergan eta langile autonomoen araubide berezian lehendik alta emanda ez izan, ideia bat izan, aurreko urteetako deialdietako diru-laguntzen onuradun ez izan, hiru hilabete horietan esklusiboki formazio horretara dedikatu, saio guztietan parte hartu, helburu bererako beste laguntzarik ez jaso eta amaieran memoria bat aurkeztu.
Aurten hamaika diru-laguntza emango dira Goierri garaian: bost ideien analisirako eta sei egitasmoa martxan jartzeko. Parte hartu nahi dutenek 943 72 58 31 zenbakira deitu behar dute larunbata baino lehen.