Hiru mila hitz, hamaika mugarri
GOIERRIKO HITZA egunkariak 3.000 zenbakia argitaratu du gaur. Hamahiru urtetik gorako ibilbidean zailtasun, poz eta mugarri ugari izan ditu. Hauek dira horietako batzuk.


1. ZENBAKIA
GOIERRIKO HITZA-k 2004. urteko urriaren 5ean hasi zuen bere ibilbidea. Aurreneko zenbaki hartan, Patxi Zubizarreta idazlearekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen; baita Andoni Aizpuru eguraldi gizonaren inguruko erreportajea ere. Orduan ere, elur kontuak izan zituen aipagai gabiriarrak, bere telebistako ibilbideari errepasoa egiteaz gain. Festa garaia zen, eta Zaldibiako Santa Fe jaiei eta urte hartan berreskuratu zituzten Etxeberri auzoko festei ere erreferentzia egin zien aurreneko zenbaki hark.
500. ZENBAKIA
Ia bi urteren buruan, 2006ko ekainaren 23an iritsi zen 500. zenbakia. HITZA bere ibilbidean egonkortzen hasia zen ordurako. Udako solstizioaren etorrerarekin bat egin zuen ale hark, eta herriz herriko San Joan suei errepasoa egin zien. Ataunen Joxemartin Apalategi izan zuten gogoan, eta haren omenez argitaratutako liburuaren aurkezpena eraman zuen azalera. Uda garaia izaki, gaztelekuetan oporrei begira antolatzen ari ziren ekitaldiak eta Idiazabalgo Bikuña auzoa eraberritzeko lanek ere izan zuten tartea.
1.000. ZENBAKIA
Diseinu berriarekin, 2008ko apirilaren 23an ikusi zuen argia HITZA-ren 1.000. zenbakiak. Ordurako paperean ez ezik, Interneten ere bazegoen eskualdeko egunkaria. Politikoki ere, mugimendu handiko garaia zen, eta hori ere islatu zuen egun hartako azalak. Beasainen kale erasoetarako material suharbera aurkitu zutela jaso zuen azalak. Baita Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzia salatzeko agerraldia ere.
1.500. ZENBAKIA
Handik bi urtera, eta 5. urtemugako ajea erabat gainetik kendu gabe, 2010eko martxoaren 2an argitaratu zuen HITZA-k 1.500. zenbakia. Egun hartan haize-teak Goierrin eragindako kalte eta txikizioak zituen hizpide. Zuhaitzak eta teilak erortzeaz gain, milaka lagun argindarrik gabe gelditu ziren. Lapurretak ere izan ziren Beasaingo hainbat dendetan, eta Martxoan Bertsoa jaialdiaren berri ere eman zuen egun hartako HITZA-k.
2.000. ZENBAKIA
Atzera egunkariaren diseinua eta webgunea berrituta, 2012ko uztailean iritsi zen eskualdeko egunkaria 2.000. zenbakira. Eta zenbaki borobila izaki, ordura arteko ibilbidearen errepasoa egin zuen bi orritan. Berrikuntza garaiak ziren, Goierritarra eta Otamotz aldizkariek bat egin eta GoiBerri astekaria sortu baitzuten. GOIERRIKO HITZA ere, astean 6 egunez publikatzetik 4 egunetan argitaratzera pasa berria zen. Urte hartan, GOIERRIKO HITZAren Beasaingo bulegoa tokiz aldatu zen, eta 2013an beste horrenbeste egingo zuten Urretxukoarekin.
2.500. ZENBAKIA
Hamar urte bete zituen GOIERRIKO HITZA-k 2014ko urrian, eta handik hilabete gutxira, 2015eko maiatzean, iritsi zen 2.500. zenbakira. Martxoan GoiBerri aldizkariaren webgune berria aurkeztu zen, eta ordurako, atari digital guztiak ‘.eus’ izatera pasa ziren. Garaiak hala agintzen zuen, eta Lazkaoko San Prudentzio jaientzat izan zen eguneko azala. Barruko orrialdeetan ordea, politika zen nagusi, udal eta foru hauteskundeen kanpaina bete-betean baitzen.
3.000. ZENBAKIA
Dagoeneko hamahiru urte pasako ibilbidea egin du Goierriko Hitzak, eta hamalaugarrenaren bidean doa. Eta urte berriarekin batera iritsi da 3.000 zenbakia. 2018a ere, aldaketa urtea izango da Goierriko euskarazko komunikazio proiektuarentzat. Izan ere, gogoeta prozesuaren ondorioak atera eta bertako ideiak praktikan jartzeko garaia izango da. Besteak beste, HITZA-ren webgunea berrituko da aurten.