Marianne Vos, Pauline Ferrand-Prevot (irabazlea) eta Anne Van der Breggen, Ataungo podiumean, 2014an // Angel Elorza
Espainiako Ziklo Kros Txapelketa jokatu berritan, txirrindularitza arloko beste hitzordu garrantzitsu baten berri izan dute legazpiarrek. Izan ere, Emakumeen Bira Goierriko errepideetan ikusteko aukera izango da aurten ere. Legazpitik abiatuko da proba maiatzaren 19an, eta 22an bukatuko da Iurretan (Bizkaia). Aurten berrikuntza nagusi batekin dator emakumezkoen itzulia, lehenbiziko aldiz, UCIko Women´s World Tour zirkuituko proba izango baita. Hori dela eta, «goi mailako parte-hartzea» espero dute antolatzaileek.
Oraindik ez dituzte xehetasun guztiak itxi, baina lehen etapa Legazpin abiatuko da eta 108 kilometroko ibilbidea izango du. Bigarren etapan beste berrikuntza bat sartu dute, erlojupean egingo baitituzte Agurain eta Gasteiz arteko 28 kilometroak. Hirugarrena Aretxabaletan hasi eta bukatuko da, 122 kilometrotan. Laugarren eta azken etapa berriz, Iurretan bukatuko da, eta 120 kilometro izango ditu.
Lehendik ere izan da Goierrin Emakumeen Bira ikusteko aukerarik. 2014an, Ataunen bukatu zen itzulia. Iaz berriz, Urretxu, Zumarraga eta Legazpin barrena ibili zen lasterketa.