Izagirre anaiek bihar hasiko dute denboraldia, Down Under Tourrean
Ion eta Gorka Izagirre anaiek bihar hasiko dute denboraldia, Australian. Bahrain Merida taldean ariko dira aurten Ormaiztegiko bi anaiak, eta Down Under Tour proban izango dute estreinaldia. Bihar Port Adelaidan hasi eta hilaren 21era arte jokatuko dute sei etapako itzulia, eta bi anaiak batera ariko dira berriz. Domenico Pozzovivo, Ramunas Navardauskas, Manuele Boaro, Yukira Arashiro eta Valerio Agnoli izango dituzte taldekide.
2017a ondo hasi zen Izagirretarrentzat. Gorkak Amorebietako klasikoa eta Italiako Giroko etapa bat irabazi zituen. Ionek ere ondo hasi zuen urtea Bahrain Merida talde berrian, baina Tourrean izandako zorigaitzeko eroriko batekin bukatu zuen denboraldia. Geroztik gogor saiatu da errekuperatu eta berriz tropelean izateko. Iazko urte bukaeran, berri ona jaso zuten: berriz ere elkarrekin ariko ziren bi anaiak, lehen Euskaltelen eta Movistarren egin zuten bezala, baina oraingoan Bahrain Merida taldean.
Biek ere “ia egutegi bera” dute denboraldi honetarako. Australiaren ondoren, Paris-Niza, Euskal Herriko Itzulia eta Romandiako Tourra egingo dituzte besteak beste. Aurtengo hitzordu nagusietako bat, ordea, Frantziako Tourra izango dute.