Teknologia berriak baserrian
Arreta hurbilagoa jasotzen ari dira ustiapenak Nekagip mugikorreko aplikazioaren bitartez. Baserritarrei burokrazia lanak eta izapideak erraztea ditu helburu. Gestioak ...
Arreta hurbilagoa jasotzen ari dira ustiapenak Nekagip mugikorreko aplikazioaren bitartez. Baserritarrei burokrazia lanak eta izapideak erraztea ditu helburu. Gestioak modu tradizionalean egiten ere jarraitu daitezke.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez baserritarrek tramiteak erraztuko dizkien APP berri bat dute erabilgarri. Lehen sektorearen inguruan lan egin eta bizi diren pertsonek eguneroko lanean egin beharreko tramiteak nabarmen erraztuko dituen mugikorreko aplikazio bat da.
Gaur egun, lurraldeko erregistroan izena emanda dauden 14.800 ustiapenetako jabeek beraien gestioak egin eta datuak kontsultatzen dituzte APP berri honi esker. Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak aplikazioaren aurkezpenean esan zuenez, lehen sektoreko jen-dearen zailtasun handienetakoak dira burokrazia eta izapideak. Horregatik, tramite guztiak «erraztu eta arindu» nahi dituzte aplikazio honen bitartez.
Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiak adierazitakoaren arabera, Nekagip aplikazioa baliagarria da tramite ugari errazteko: «Ustiategiari buruzko informazioa jasotzeko, deklaratutako lurrak kontsultatzeko, diru laguntzen egoeraren berri izateko, eta abar», batzuk soilik aipatzearren.
Gainera, animalien gida tramitatzeko aukera ere ematen du. Gipuzkoan «55.000 abelburutik gora» daudela zehaztu du Arrutik, eta «erdiak baino gehiagok» gida bat behar dutela lurraldean mugitzeko. Behi ustiapenak dituzten baserritarrekin elkarlanean aritu dira aplikazio berri hau egiteko. Aurrera begira ardi, ahuntz, zaldi eta gainontzeko abereen tramiteak aplikazioaren bidez egiteko modua izango da, baina momentuz behi etxaldeen kudeaketa egin ahal izango da.
Basurdeek nekazaritzan eragindako kalteak tramitatzea ere erraztu du. Kalteen parteak, momentuz, Ehiza Federazioan edo foru aldundian egingo badira ere, espedientearen egoeraren jarraipena egin ahal da unean bertan aplikaziotik bertatik.
Nekagip aplikazio berria martxan jartzean aldaketa ekarri du nekazaritza ustiategien orain arteko kudeaketan, informazioa bere eskura baitu, uneoro, nekazariak bere mugikorrean. Titularrek aldundiko erregistroan jasota dauden euren datuen inguruko kontsultak egin ahal dituzte, datu orokorrak ikusi, aitortutako lurrak, datu ekonomikoak, eta azken hiru urteetan eskatutako eta kobratutako laguntzak begiratu. Orain arte hau guztia Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetan egin beharra zegoen.
Doako aplikazioa
Aizpuru diputatuaren iritziz, sektorea garai zaharrekin lotzen da sarri, baina hori irudi okerra da. Gaur egungo baserritar eta ganaduzale asko «berritzaileak dira eta teknologia aurreratua erabiltzen dute».
Aplikazioa doakoa da, eta eskuragarri dago Android eta IOS sistemetarako. Arretarako telefono bat ere badago, zalantzak argitu edo laguntza behar duenarentzako. 943 11 33 55 (8:00etatik 15:30era) eta 943 31 86 15 (15:30etik 21:00etara). Baita kontsultetarako helbide elektroniko bat ere: nekagip@gipuzkoa.eus.
Teknologia berriekin ohitura gutxi dutenentzat, orain artean bezala, gestioak modu tradizionalean egiteko aukerak jarraitzen duela jakinarazi dute.