Argixao industrialdeak eta Zumarragako Udalak hitzarmena sinatu dute
Argixao industrialdeak eta Zumarragako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Argixaoko enpresek elkartea sortu dute taldean lan egiteko eta hemendik aurrera, udalarekin ere hartu-eman estuagoa izango dute. Helburua jarduera ekonomikoari bultzada
Argixao industrialdeak eta Zumarragako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Argixaoko enpresek elkartea sortu dute taldean lan egiteko eta hemendik aurrera, udalarekin ere hartu-eman estuagoa izango dute. Helburua jarduera ekonomikoari bultzada ematea da.
Hitzarmena ostiralean sinatu zuten, industrialdearen bulegoetan. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Rosa Maiza Ekonomiaren Garapena, Tokiko Garapena eta Berrikuntza zinegotziak eta Argixaoko Jose Luis Romerok eta Manu Alberdik parte hartu zuten.
Serranok legealdi honetan udalak sustapen ekonomikoaren aldeko «apustu garrantzitsua» egin duela esan zuen. «Argixao industrialdearekin komunikazioa eta lankidetza bultzatzeaz gain, lehiakortasuna lantzen ari diren enpresei diru-laguntzak eman dizkiegu eta enpresa txiki eta ertainentzat formazio saioak antolatu ditugu».
Argixaoko enpresak egiten ari diren lana txalotu zuen. «Industrialdeak 20 urte baino gehiago ditu, baina enpresa elkartea orain sortu da. 27 enpresa dira eta 370 lagunei lana ematen diete. Enpresa hauek aberastasuna sortzen dute eta aberastasun hau Zumarragan banatzen da. Gure babesa dute. Izan ere, udalak arlo pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlanaren aldeko apustua egin du».
Diagnostikoa
Hala, pertsona bat kontratatu dute industrialdearen diagnosia egiteko. «Sei hilabeterako kontratatu dugu eta 27 enpresekin harremanetan jarri behar da. Diagnostiko honi esker, zein hobekuntza egin behar diren eta zer nolako diru-laguntzak eman behar diren jakingo dugu».
Alkateak ez zuen Arcelor-Mittalen itxierak egindako kaltea ahaztu. «Honelako ekimenekin lehiakorragoak izatea eta egoerari buelta ematea espero dugu».
Romero ere gustura azaldu zen. «Hitzarmen hau azken hilabeteetan egindako lanaren ondorioa da. Industrialdeko enpresok udalarekin nola lan egin behar dugun zehaztea lortu dugu. Hemendik aurrera ez dugu banan-banan deituko. Honek guztiak aurrera egiten eta lana edukitzen jarraitzen laguntzea espero dugu».
Alberdik hitzarmen honek mesede gehien enpresa txikiei egingo diela esan zuen. «Enpresak eta enpresetan lan egiten duten pertsonak eta udala gerturatu egingo ditu. Orain arte, enpresa batzuei, txikiei batez ere, udala urrun gelditzen zitzaien».
Hitzarmenak 2019ko abendura arte izango du balioa. 2018an, diagnostikoa egiteaz gain, ekintza plana egingo dute. Honek, industrialdearen itxura hobetzeko balioko du, besteak beste.