Idiazabal eta Olaberria artean dagoen Uzkanga eta Artsuagarats galtzada egoera kaxkarrean zegoen, eta konpondu egin dute. Barnealdeko Donejakue bideen artean dago galtzada horren ibilbidea.
Barnealdeko Donejakue bideak Euskal Herrian duen pasabidea, iberiar penintsularen iparraldeko komunikazio ardatz nagusietako bat izan da erromatar garaitik. Bide horrek Goierri ere zeharkatzen du. Ibilbide horren zati bat, Uzkanga eta Artsuagarats galtzada da. Idiazabal eta Olaberria artean aurkitzen dena eta konpontze lanak egin dituzte, Donejakue bidea balioan jartze aldera.
Erromesen bide izateaz gain, Idiazabalgo eremu horretan bizi diren biztanleak elizara jaisteko erabiltzen zuten bidea zen, 60ko hamarkadara arte. Horregatik, Eliz-bide deiturarekin ere ezagutzen zuten.Urte askoan zehar, jende asko ibili zen Donejakue bideko zati horretan, baina hainbat hamarkadatan, ibilbideko beste hainbat zatiren antzera, abandonatua egon da. Hori dela eta, egoera kaxkarrean aurkitzen zen.
Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik igarotzen zen Donejakue bidea babesten duen dekretua publikatu zuen 2013an. Bidea bera eta bidean aurkitu daitezken beste hainbat baserri, burdinola, baseliza eta galtzada babestea du helburu, besteak beste.
Hala, 2017an zehar, Idiazabal eta Olaberria artean dagoen bidea hobetu, berreskuratu eta balioan jartzeko jarduera jarri zen martxan, Eusko Jaurlaritzako kultura departamentuak emandako dirulaguntza bati esker.
Bisitatzeko gonbitea
Paisaiaz, Orbela enpresa arduratu da eta Ondartez etxea berriz, ondareari eta historiari dagozkien gaiez. Biek elkarlanean, lana hiru gai zehatzetan oinarritu dute: erromes eta bertako erabiltzaileentzako kaltzardaren zorua hobetu eta konpondu dute batetik. Bestetik, paisaia txukundu eta tokiko ondarearen azterketa bat egin dute. Eta Azkenik, bide zati honi dagokion balioa eman nahi diote.
Lanak amaituta, «dagoeneko eremua bisitatzeko prest» dagoela azaldu du Ondartez enpresako Beatriz Herrerasek. «Goierriko hainbat herrietako ikuspegi zoragarria dago bertatik; Mutiloa eta Zerain ikusten dira besteak beste». Hori dela eta, herritar guztiak gonbidatu ditu Uzkanga eta Artsuagarats galtzada ezagutzera.
Barnealdekoa Goierritik
Barnealdeko Donejakue bideko galtzaden hondarrek eta antzina artzantzarako erabiltzen zituzten bideen aztarnek frogatzen dute, oso garrantzitsuak zirela Santiagora egiten zituzten erromesaldietan; bertatik ezinbestean pasa behar zuten Irundik barrena Frantziako Donejakue bidearekin bat egiteko.
Ibilbidea Bidasoa ibaiaren gaineko zubian hasten da, Santiago zubian eta Goierrira iritsi aurretik, Gipuzkoako herri ugari igarotzen ditu; Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Andoain, Anoeta, Tolosa eta Alegia. Goierrira beraz, Legorretatik sartzen da eta Itsasondo, Ordizia eta Beasaindik pasatzen da, konpondu berri duten Uzkanga eta Artsuagarats kaltzadara iritsi arte.
Olaberriatik Idiazabalera bidean, hainbat baserri igarotzen ditu; Aldasoro, Oiarbide eta Nafarrasagasti, besteak beste. Halaber, Artsuagarats kaltzadatik barrena, Gurutze deunaren umeldegitik pasatzen da eta aurrerago, Urrutikoetxea baserritik. Bertan hasten da erdi aroko Segura hiribildurantz doan bidea. Uzkanga eta Urtsuagarats kaltzada atzean utzita, Goierrin barrena jarraitzen du bideak. Zegamarako bidean, Saiatzeko bide adarrarekin egiten du bat.