Urtarrilean zehar bilduko dituzte argazkiak eta bestelako materialak eta erakusketa martxoan egingo dute
Legazpiko Haztegi Ikastolaren 50. urteurrena ospatzen ari dira jada eta argazki zaharren erakusketa prestatzen hasi dira. Erakusketan Kimu-berri lehen ikastolako argazkietatik hasi, eta 2006ra arteko argazkiak bildu nahi dituzte.
Argazkiez gain, bestelako ikastolako materialak ere biltzekoak dira. Legazpiarrei argazkiak nola materiala ikastolara eramateko deialdia egin diete eta eramateko egunak zein orduak zehaztu ere.
Etzi 09:00etatik 12:30ra eta 17.00etatik 19:00etara jasoko dituzte. Hurrengo data urtarrilaren 23a da goizez –09:00etatik 11:00etara–. Urtarrilaren 25ean ere jasoko dituzte biharko ordutegi berean. Materiala Ikastolako Mintegian jasoko dute, idazkaritza ondoan dagoen gelan.
Urteurrenaren inguruan beste hainbat ekintza prestatu dituzte ikasturtea amaitu bitartean. Argazki erakusketa martxorako prest egongo dela aurreikusi dute.
Bien bitartean, urtarrilean mendi irteera egitekoak dira eta otsailean flashmoba zein kontzertua. Martxoan argazki erakusketaz gain, Lilatoira joateko taldea osatzeko deialdia egin zuten eta elkarrekin egiteko asmoa dute.
Honezkero salgai daude ikastolan bertan urteurreneko elastikoak, jertseak eta zapiak.