Igartza Oleta kaleko aparkaleku ondoko hainbat zuhaitz moztu dituzte; datorren hilabetetik aurrera berriak landatuko dituzte. Zubi-begiak ere garbitzen ari dira.
Neguko eguraldiaren baldintzek eraginda, ibaian egiten diren mantenu lanak indartu egin ditu Beasaingo Udalak. Honela, duela aste batzuk, Igartza Oleta kaleko aparkalekuan, “ibaiaren ertzean zeuden hainbat zuhaitz mozteko presazko erabakia hartu zen erortzeko zuten arriskuagatik”. Udalak zehaztu duenez, “aldez aurretik aparkalekuko zenbat ibilgailuetan eroritako adarrek sortutako kalteak bere gain hartu zituen udalak, baina azken asteetako eguraldiak sortutako euri eta haizeteek euren egoera arriskutsua areagotu zuen eta Ura uraren euskal agentziaren baimen eta irizpideak jarraituz moztu egin ziren”.
Era berean, Beasaingo Udalak “konpromisoa hartua” dauka Ura agentziarekin datorren hilabetean zuhaitz berriak landatzeko: “Erriberako landarediari egokitzen zaion espezieak izango dira eta ez orain arte zeudenak bezalakoak, ustekabekoak eta asintomatikoak bait ziren. Gainera aparkalekua berritzeko egin ziren lanek zuhaitzen sustraietan kalteak eragin zituzten eta orduz geroztik okerrera egin zuen horien egoerak”.
Zubi-begiak garbitzen
Bestalde, “ibaiaren berezko ur-emaria bermatzeko eta bertako landarediaren mantentzea egokia izan dadin”, garbiketa lanak egiten jarraitzen du Udalak. “Horretarako zubietako begiak oztopoz libratu egin behar dira. Igartza Oleta kaleko zubia eta Bernedoenea aparkalekuaren sarrerako zubi azpiak dagoeneko garbitu dira”.
Garbiketa lanak
Era berean, Oria ibaiaren ibilbidean garbiketa lanak egingo dituzte datozen asteetan udaleko lorezaintza zerbitzukoek, “baita ideluzeko zubi-begian eta hiltegi zaharra zegoeneko zubi-begian ere. Inguru honetan landaredi artean biltzen da zabor gehien, axolagabekeriaz botatako zikinkeria eta hondakinak, bonberia eraikineko atzealdean batez ere. Zenbait zuhaitz bakanduko dituzte, beti ere Ura agentziaren baimen eta irizpideak jarraituz”.