Gailurra Xtreme saioan hiru goierritar ariko dira lehian
ETBko Gailurra Xtreme telebista saioak bigarren denboraldia hasiko du bihar. Berrikuntza ugarirekin dator aurten; 12 kirolarik, eguneko maratoi bat osatu beharko dute, eta Hondarribiatik abiatuta Monte Perdidoraino iritsiko dira GR11 ibilbidetik; 8 etapa eta 300 kilometro egin beharko dituzte parte-hartzaileek.
Proban ariko diren 12 lehiakideetatik hiru goierritarrrak dira: Ainhoa Sanz urretxuarra, Gari Nuñez legazpiarra, eta Arantxi De la Fuente beasaindarra.
Ainhoa Sanz urretxuarrak 28 urte ditu eta txikitatik aritu da atletismoan eta lasterketen munduan. Pazientzia gutxikoa dela dio, baina motibazio handiarekin dator. Lehiaketari “ahalik eta urrutien” iristeko asmoarekin ekingo dio.
Garikoitz Nuñez legazpiarrak 32 urte ditu eta hornidura industrialean lan egiten du. Futbolean ibili izan da hamabost urtez, baina duela sei urtetik lasterketetan dabil buru-belarri. Burugogorra izateak eta amorerik ez emateak lagundu egingo diola uste du.
Arantxi De la Fuente Bergaran bizi da, baina beasaindartzat du bere burua. 51 urte ditu eta Beasaingo kirol denda batean egiten du lan. Aldapa handiek errespetua ematen diote, baina helburu bat hartzen duenean gogor eusten diola dio.
Aurreko denboraldian bezala, Ibon Gaztañazpik gidatuko du saioa, eta Alberto Aierbe Zegama-Aizkorri mendi maratoiko antolatzailearen laguntza izango du. Aurtengo beste nobedadeetako bat, zortzi etapen ondoren irabazle ateratzen den kirolariak, Zegama-Aizkorrin parte hartzeko dortsal bat jasoko duela da.