Gaur eman dituzte sariak Gasteizen, Legazpik Agenda21eko Foroan egiten den lanagatik jaso du aipamena
Udalsarea21en Euskadiko 2017ko Udalerri Jasangarrien sariak banatu dituzte gaur Gasteizen. Legazpik aipamen berezia jaso du bertan. TAK21 ebaloazio sistemak neurtzen dituen faktoreak aintzat hartuta eman dituzte aipamenak. Legazpiz gain, Tolosak, Durangok, Maurriok eta Gasteizek jaso dituzte aipamenak; Gasteizek, gainera, udalerri jasangarriaren saria jaso du.
Legazpiren kasuan, udalerriko jasangarritasun-politiken plangintza eta gauzapenaren kalitateagatik jaso du aipamen berezia. Zehazki, bere plangintza zein kudeaketaren eremuko tresna espezifikoak garatu eta txertatu ditu bere politikak gauzatzen laguntzeko eta Tokiko Ekintza Plana betetzeko, mugikortasunaren, erosketa eta kontratazio publiko berdearen zein kontsumo jasangarriaren esparruetan egindako lanagatik saritu dute.
Horren guztiaren isla da orain 17 bat urte martxan dagoen Tokiko Agenda 21eko Foroa. Eric Galvez zinegotziak adierazi duenez, “ardatz eraginkorrean puntu gehien izan duen herria da Legazpi”. Hain justu, 8,22 puntu ditu beste herrien batez bestekoa 5,6 denean.