Bihar emango du Auzmendi argazkilari legazpiarrak Argentina airez-aire ikus-entzunezkoa bigarren aldiz
Aurreko azaroan Julian Auzmendi argazkilari legazpiarrak 2016ean Argentinara egindako bidaian jasotako argazkiekin osatutako Argentina airez-aire ikus-entzunezkoa eskaini zuen Legazpiko kultur etxean. Hainbestekoa izan zen herritarren harrera jendea kanpoan geratu zela. Orduan ikus-entzunezkoa ikusi ezin izan zuten herritarrak aintzat hartuta, Auzmendik berriro emango zuela agindu zuen eta hala egingo du bihar, 20:00etan kultur etxean.
Orain hiru urte emaztearekin batera egindako bidaian ateratako argazki guztietatik 295 bat aukeratu, eta hango musikarekin osatu du ikus-entzunezkoa Auzmendik. Argentina barruan zortzi hegaldi hartu zituen bikoteak eta Patagoniako irudiak nola Iguazuko ur-jauzienak ikusi ahalko dituzte, Buenos Aireseko argazkiak nola San Carlos de Barilochekoak.
Hori guztia gaur, iluntzean, kultur etxean bigarren emanaldian inor kanpoan geratuko ez denaren itxaropenarekin.