Gari Bravo lazkaotarra, "gogotsu eta itsaropentsu"
Euskadi Murias txirrindulari taldeak gaur goizean egin du denboraldi berriaren aurkezpen ekitaldia, Gasteizen. Garikoitz Bravo lazkaotarra da taldeko goierritar bakarra, eta bera izan da aurkezleen galderei erantzun diena.
Denboraldi berriari “gogotsu eta itsaropentsu” heltzen diola azaldu du Bravok. “Mailaz igo gara eta horrek abantaila batzuk emango dizkigu; guretzako garrantzitsua zen Euskal Herriko Itzulian egotea, eta hori berreskuratzea inportantea da, bai guretzat eta baita zaleentzat ere”.
Hilaren 25ean ekingo dio taldeak lasterketei. Hilaren 31tik 4ra bitartean, Etoile de Bessèges eta Valentziako Itzulia jokatuko dituzte. Otsailean berriz, Colombiako Oro y Paz, Proventzako Tourra eta Andaluziako Itzulia. Martxoan Alentejoko Itzulia eta Volta Cataluña izango dituzte proba nagusiak, hainbat klasikarekin batera.