Goierriko turismo eskaintza, Madrilgo Fitur azokan
Goitur turismo agentziak Madrilgo Fitur azokan aurkeztu du Goierriko eskaintza turistikoa. Goierriko ordezkariek azoka horretan parte hartzen duten 22. urtea da aurten. Eskualdeko baliabide eta produktu turistikoen inguruko informazioa eskaintzeaz gain, komunikabideekin eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin bildu dira.
Euskadi-Basque Country stand-aren barruan, 3 sailetan du presentzia eskualdeak. Goierri, Donostia turismoko bazkide da, eta horrenbestez, hiriburuen eskaintza turistikoan ere agertzen da. Touring arloan, Goierrin dauden museo, jatetxe, aloxamendu eta gainontzeko produktu turistikoen inguruko informazioa aurki daiteke. Eta azkenik, gastronomia arloan, Goierri Gastronomika egitasmoaren inguruko informazio osoa eskaintzen dute. Basque Highlands mapa ere aurki daiteke, naturaren inguruko mahaian.
Bestalde, San Sebastian Region Donostiako eta Gipuzkoako informazio turistikoa biltzen duen gidan ere presentzia izango du Goierriko eskaintzak; informazio orokorraz gain, orri osoko publizitatea kontratatu dute aurten.