Iñaki Erauskin, Aitor Aldasoro eta Enrike Enparantza, gaur eguerdiko agerraldian.
Sasieta Mankomunitateko lehendakariak, Aitor Aldasorok, eta Iñaki Erauskin kudeatzaileak eta Enrike Enparantza teknikariak goierritarrak eskertu nahi izan dute gaur eguerdian Sasietako egoitzan emandako prentsaurrekoaren bidez. Izan ere, hondakinen gaikako bilketa %75era iritsi zen 2017. urtean. «Aurreko urtearekiko igoera handia izan da benetan, kontuan izanik 2014, 2015 eta 2016 urteetan indize hau %60 inguruan ia egonkortuta egon dela».
Igoera horretan arrazoia, «neurri handi batean, Beasainen, Urretxun eta Zumarragan jarri den txartel bidez irekitzen den errefusarentzako edukiontzi grisari zor zaio. Sistema berriak emaitza onake eman ditu», zehaztu du Aldasorok. Une honetan, edukiontzi grisean oinarritutako sistema da mankomunitatean zabalduena dagoen sistema, %90.
Beste datu aipagarri bat ere badago: «Zabortegira doan errefusa izugarri jaitsi da 2017an, %34». Era berean, birziklatzera doazen frakzio gehienak asko igo dira, eta bereziki organikoa (%24), ontzi arinak (%36) eta kartoi komertziala (%20).
Garbiguneen erabilera gora
Bestalde, Sasieta Mankomunitatean dauden hiru garbiguneen erabilera etengabe gora doala nabarmendu dute, bai erabiltzaile kopuruari (27.267, %11 gehiago) dagokionean, bai kudeatutako hondakin kantitateei (4.529 tona, %22 gehiago) dagokionean ere.
Gaikako bilketako datuak igotzearen arrazoi nagusia, goierritarrek etxean egiten duten «lan ixila» da, eta eskerrak eman nahi izan dizkie goierritarrei: «Bere parte hartzeak posible egin du horrelako gaikako bilketa indize altua lortzea». Orain erronka, %75ko kopuruari eustea eta hobetzen jarraitzea, eta gaikako bilketa hobetzea izango dela aurreratu dute.
Bio Sasieta martxan
Bestalde, Sasieta zabortegian dagoen Biosasieta plantak, zabortegiko gasa energia elektrikoa bihurtzen duen instalazioak 2,257 Milioi Kwh sortu ditu 2017an. Enrike Enparanatzaren esanetan, “nahiz eta zabortegia itxita egon, oraindik ere gasa sortzen jarraituko du urte batzutan zabortegiak. Gas hori elektrizitate bihurtzen da motor-alternadore baten bitartez”. 2017an sortu den energa horrekin 700 etxebizitzaren urteko beharrak asetu daitezkeela nabarmendu du Sasietako teknikariak. “Hemen gure eskualdean adibidez Ataun, Legorreta edo Zegama bezalako herri bati argindarra emateko lain”.
Edukiontzi horian zer sar dezaket?
Goierri eta Urola Garaiko 31.000 etxeetan banatu da Horian zer sar dezaket? gidaliburua, edukiontzi horiko ontzien bilketari buruzkoa. “Zalantza gehien sortzen duen bilketa denez hauek argitzearren gida hau banatu da”, dio Iñaki Erauskinek. “Gogoratu osagarri bezala web orrian azterketatxo bat ere jarri dugula. Dagoeneko ia 900-ek parte hartu dute. Denen artean eskualdeko produktuez osaturiko Km. 0 saskiak zozketatuko dira”. Otsailaren 2 arte bete daiteke.