Garindarrak San Sebastian jaiak ospatzen ari dira
Gaur hasi dira Beasaingo Garin auzoko San Sebastian jaiak. 13:00etan kanpai bueltak eta suziriak egon dira eta Muñogain elkartean herri bazkaria egin dute. Ondoren, mus eta punttu txapelketak jokatu dituzte. 18:00etan haur jolasak egongo dira pilotalekuan. Ondoren, sariak banatuko dituzte eta txokolate-jana egingo dute. Gainea, Josu eta Amets trikitilariek joko dute. Gaurko ekitaldiekin bukatzeko, 19:30ean Kontu kontari, kantu-kantari ekitaldia egingo dute elizan.
Biharko (igandea) ekitaldiei dagokienez, 10:00etan txistulariek goiz eresia egingo dute. 10:30ean meza hasiko da eta 12:00etan mendi lasterketa herrikoia. 13:00etan sariak banatuko dituzte. Josu eta Amets trikitilariek eguerdiko ekitaldiak girotuko dituzte.
Aurten berrikuntza nagusia gaur arratsaldeko Kontu kontari, kantu-kantari ekitaldia da. Auzotarren elkarlanetik, euskaratik eta kulturatik sortutako egitasmo berria da, festetan kulturak ere lekua izan dezan, eta transmisioan bermatu dadin. Garinen hasi eta Beasaingo gainerako auzoetako festetara zabaldu nahi dute.
Irati Goikoetxea aurkezle dela, batetik, kantu kantari ariko dira garindar jatorria duten hiru belaunaldi desberdinetako zortzi emakumezko, Karlos Jimenez piano jotzailea lagun dutela: Izarra Asurabarrena, Feli Odriozola, Mari Jose Lasa, Libe Galparsoro, Axun Asurabarrena, Miren Asurabarrena, Ageda Aranburu eta Oihana Mendizabal.
Bestetik, Ekaitz Goikoetxea eta Iñaki Lasa kontu kontari ariko dira ipuinak kontatzen. Lasak Astako eta Otsako, Akuiluarena eta Sugeak behiari esnea; Goikoetxeak, berriz, Txominen laguna. Lasaren gitarra soinuaz lagunduta, Gora baserritarrak bertsoak ere kantatuko dituzte Goikoetxeak eta Lasak. Irati Goikoetxeak hainbat poesia ere errezitatuko ditu. Ikuskizunaren amaieran, denen artean, Txoria Txori abestia kantatuz agurtuko dute ikuskizuna, hil berria den Joxan Artze poeta, letragile eta txalapartari handia omenduz.
Beasaingo gainerako auzoetako (Astigarreta, Arriaran, Igartza eta Ezkiaga) bizilagunak Garinen izango dira, beraien auzoetako jaietan ere antzeko kultur ikuskizuna antolatu dezaten animatzeko.