75 urtetik gorako beasaindarrek gutuna jasoko dute aste honetan bilerarako hitzorduarekin. Otsailaren 2an hasiko dira bilerak. Eguneko zentrora eta etxe babestuetara bisitak egingo dituzte.
Malu Valles zinegotzia eta Ane Amenabarro teknikaria.
Beasaingo Udaleko Ongizate sailak adineko herritarrengana gerturatu nahi du, beasaindarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko eskura dituen zerbitzuak, baliabideak eta prestatazio ekonomikoak, aurrez aurre, ezagutzera emateko. Honela, 75 urtetik gorako beasaindarrek gutun bana (ia 1.500 banatuko dituzte) jasoko dute etxean bilerara joateko gonbidapenarekin. Dena den, bilera horiek, beraien familiei eta zaintzaileei zuzenduak ere badaude.
Otsailaren 2an hasi eta martxoaren erdi aldera arte egingo dituzte bilerak udaletxeko batzar aretoan; 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gazteleraz. Bileran parte hartzeko asmoa dutenek izena eman behar dute gutunean bertan dagoen orria Igunea harrera bulegora (Loinazko San Marin plaza azpian) eramanez edo udaletxera telefonoz deituta (943 02 80 50).
Ongizate Sailaren proiektua aurrera eramateko Ane Amenabarro kontratatu du udalak, Eusko Jaurlaritzaren enplegua sustatzeko programaren bidez. Amenabarroren esanetan, zalantza orokorrak bileretan argitzen saiatuko badira ere, zalantza zehatzagoak argitzeko hitzordua eskatu beharko da Ongizate Sailean. Bileretan azalpenak emateaz gain, zerbitzuetara bisita gidatuak ere antolatuko dituzte. Besteak beste, eguneko zentrora, etxebizitza babestuetara eta Aranealde erretiratuen egoitzan egiten diren tailerretara.