Beñat Katarain eta Itziar Andueza dira III. Goierri Kopa Traileko liderrak
Garingo mendi lasterketa Katarainek eta Veronica Dominguezek irabazi dute. 224k lortu dute proba amaitzea. Izen-ematea zabalik da UZ Trailean eta LeharreinGoierriko urteko lehenengo lasterketa jokatu zen igande eguerdian Beasaingo Garin auzoan, San Seb...
Garingo mendi lasterketa Katarainek eta Veronica Dominguezek irabazi dute. 224k lortu dute proba amaitzea. Izen-ematea zabalik da UZ Trailean eta Leharrein
Goierriko urteko lehenengo lasterketa jokatu zen igande eguerdian Beasaingo Garin auzoan, San Sebastian festen barruan. III. Goierri Kopa Trail eta IV. Beasain Challengeko lehenengo proba puntuagarria izan zen Garingoa.
Eguraldia lagun izan zuten korrikalariek, nahiz eta aurreko egunetan izandako euriaren eragina nabaria izan zen 11 kilometroko ibilbidean; nabarmenak ziren lokatzaren aztarnak korrikalarien oinetan eta arropetan. 265 korrikalari abiatu ziren Ekaitz Goikoetxearen bi bertso entzun eta karraka hotsaren laguntzarekin; 224k bukatu zuten.
Katarain hasieratik
Lehenengo metrotik lasterketa buruan izan zen Beñat Katarain zegamarra eta bera izan zen helmugan sartzen lehena, 53:43ko denbora osatuz. Bigarrena, Martin Diez segurar gaztea izan zen, bi minutura (55:43) eta Oñatiko Xabi Lete ia hiru minutura (56:32). Emakumezkoetan, Veronica Dominguez gasteiztarra izan zen helmugan sartzen lehena, 1:09:22 denbora osatuz. Bigarrena, Elgoibarko Maddi Mujika (1:10:55) eta hirugarrena Andoaingo Vanesa Pelaez (1.12:15) izan ziren. Lehenengo emakumezko goierritarra, Itziar Andueza beasaindarra izan zen (1.13:55).
IV. Beasain Challengeko sei lasterketetatik lehenengo proba izan da Garingoa eta adin desberdinetako 47 beasaindarrek hartu zuten parte; horietatik sei emakumezkoak izan ziren.
Goierri Traileko liderrak
Bestalde, III. Goierri Kopa Traileko lehenengo proba puntuagarria ere izan zen Garingoa. Kasu honetan, 11 kilometroko lasterketa izanik, sprint edo lasterketa motzeko lehenengo liderraren elastikoak jantzi zituzten Beñat Katarain zegamarrak eta Itziar Andueza beasaindarrak.
Goierri Kopa Traileko hurrengo proba otsailaren 25ean, jokatuko da, Urretxuko-Zumarragako UZ Trail. 22 eta 11 kilometroko bi ibilbide prestatu dituzte eta dagoeneko izena eman daiteke www.kirolprobak.com webgunean. Hirugarren proba martxoaren 17an izango da Arriararanen (23 eta 11 km.) eta laugarrena Gabiriako Leharrei mendi lasterketa (24 km.), apirilaren 14an. Bi lasterkerta horietan izena emateko epea aste honetan irekiko da www.kirolprobak. com webgunean; Gabiriakoa, zehazki, ostiralean.