San Inazio, San Jose eta Arantzazu auzoetako bizilagunei otsailean eta apirilean egingo diren bileratan parte hartzeko gonbitea egin diete
Legazpiko Ingurumen zinegotzi Eric Galvezek iragarri du otsailean eta apirilean bilera bana egingo dutela Good Local Adapt programaren baitan. Europatik datorren programa da, klima aldaketara egokitzeko irtenbideak emateko sortu dutena. Legazpik parte hartuko du Arabako Amurrio eta Bizkaiko Balmaseda herriekin batera.
Good Local Adapt proiektua 2020. urtera bitartean garatuko dute eta Europar batzordeko Life+ programak diruz lagunduko du.
Legazpin San Inazio auzoko 1 eta 21 atari arteko bizilagunek parte hartuko dute, San Martingo auzotarrek, Arantzazu 1-19 atarikoek eta San Jose auzoko legazpiarrek ere. Auzo hauek guztiek babes berezia dute euren industri iragana dela eta. Industriarekin duten lotura horrek aldaketa klimatikora egokitzeko eman beharreko irtenbideak konplexuagoak egiten dituela dio Galvezek, «bidenabar, gehiago ikasteko aukera izango dugu».
Uraren erabilpena
Programak uraren erabilera hobetzeko irtenbide berritzaileak proposatuko dituela aurreratu du, baita etxebizitzak zein auzoak beroaldietara egokitzeko soluzioak ere. Emaitzek Legazpiren antza –populazioari dagokionez– duten Europako beste herri batzuekin partekatuko dituzte.
Legazpiko auzoetako bizilagunei teknikariek egiten dituzten proposamenen gaineko iritzia ematea eskatuko diete. Iritziak otsailean zein apirilean egingo dituzten bileretan eman ahalko dituzte edo programaren harira sortuko duten webgunearen bitartez.
Legazpin klima aldaketak tenperaturen igoera eragingo duela aurreikusten dute, beroaldiak gegiago izango direla. Beroaldi horiek osasunean izan dezaketen ondorioek kezka sortzen dute. «Areago Legazpiko populazioaren %24 65 urtetik gorakoa dela jakinda», dio Galvezek.
Euri gutxiago egingo duela ere aurreikusten dute, gutxiagotan egingo du euria baina egiten duenean euri gehiago botako du. Ondorioz, ur horniduran eragin dezake, uholdeak ugaritu daitezke, luizi zein sute gehiago ere sortu daitezke.