Urretxuko liburutegian hizkuntzak ikasteko txokoa prestatu dute
Urretxuko liburutegiak hizkuntzak ikasteko txoko bat egokitu du. Ia 300 liburu, disko eta DVD jarri dituzte erabiltzaileen eskura eta ordenagailuetan hizkuntzak ikasteko on-line metodoetara jo daiteke. Egitasmo horrek Elegunea du
Urretxuko liburutegiak hizkuntzak ikasteko txoko bat egokitu du. Ia 300 liburu, disko eta DVD jarri dituzte erabiltzaileen eskura eta ordenagailuetan hizkuntzak ikasteko on-line metodoetara jo daiteke. Egitasmo horrek Elegunea du izena.
Proiektu hori ostiralean aurkeztu zuen Maialen Fidalgo zinegotziak. Proposamena PSE-EE alderdiarena izan dela esan zuen. «Gizartea geroz eta eleanitzagoa da, eta Urretxu ez da salbuespen bat. Jendeak hizkuntzak ikasi nahi ditu. Gainera, euskara edo gaztelera ama hizkuntzak ez dituzten herritarrak geroz eta gehiago dira».
Hala, egitasmo hau bi talderi zuzendua dago. «Alde batetik, alemana, frantsesa, ingelesa… ikasi nahi dutenak daude. Bestetik, euskara eta gaztelera ikasi nahi dutenak daude».
Elegunean hizkuntza ezberdinetan argitaratutako liburuak, bideoak eta diskoak daude. «Egitasmoak aurrera egin ahala, baliabideak hobetuko ditugu». On-line ikastaroak ere eskuragarri jarriko dituzte. Horretarako, liburutegiko ordenadoreetara jo behar da. Ikastaro hauek udalaren webgunean daude, liburutegiaren atalean.
Ane Arana liburuzainak urretxuar batzuk dagoeneko Elegunea erabiltzen ari direla gehitu zuen. «Gazte pakistandar bat, adibidez, sarritan etortzen da liburutegira. Bere ama hizkuntza urdua da, baina ingelesez ere badaki. Hala, ingelesek euskara ikas dezaten prestatutako materiala erabiltzen ari da euskara ikasteko».
Herritarrei zuzendua
Ostiraleko aurkezpena prentsari zuzendua zen eta beste aurkezpen bat egingo dute ekimena herritarrei ezagutzera emateko. Liburutegian Interesgunea egitasmoaren barne antolatu dute. Aurkezpena hilaren 30ean izango da, 19:00etan, liburutegian.
Liburutegian Interesgunea egitasmoaren helburua hilero gai bat lantzea da. Horretarako, gai horren inguruko funtsak sarrerak ikusgai jartzen dituzte eta ekitaldi bat antolatzen dute.
Urretxuko Udala gogor lan egiten ari da herritarrak liburutegira erakartzeko. Liburuez gain, diskoak eta bideoak har daitezke maileguan. Gainera, egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko aukera ematen dute eta ordenagailuak erabil daitezke. «Urretxu eta Zumarragako idazle eta musikariek argitaratzen dituzten liburu eta disko guztiak erosten ditugu. The Northagirres rock taldeak diskoa kaleratuko du aurki eta hori ere eskuratuko dugu».
Arana Iparragirreri buruzko txoko bat prestatzen ari da eta fosilek, mineralek eta dinosauroek inguruko liburutegietan baino presentzia handiagoa dutela ere gogoratu du. Izan ere, liburutegia Urrelur mineralen eta fosilen museoaren ondoan dago.