Irurtzun eta Hernani taldeek pasa dituzte Idiazabalgo kanporaketak
Igarondo pilotalekuan bi asteburutan jokatu dira Euskal Herriko kluben arteko laugarren txapelketako finalaurdenak. Finala otsailaren 18an jokatuko da Tolosan
Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan jokatu berri diren Euskal Herriko kluben arteko laugarren txapelketako final laurdenetako partiduek erabaki dituzte zein lau talde izango diren finalerdiak jokatuko dituztenak. Irurtzun, Hernani, Amezketako Zazpi Iturri eta Ultzamako Buruzgain dira sailkatu diren taldeak. Urtarrilean bi asteburutan jokatu dituzte partidak. Finala, otsailaren 18an jokatuko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Pasa den astebukaeran, hilaren 20 eta 21, Erreka, Zazpi Iturri, Lemoa eta Buruzgain taldeak aritu ziren, hurrengo kanporaketara pasatzeko lehian. Larunbatean, lau t’erdian Zubiriak (Zazpi Iturri) Aldaberi (Erreka) 18 eta 9 irabazi zion. Banaka, frontoi osoan, Egiguren (Zazpi Iturri) 18 eta 8 gailendu zitzaion Tabar-i (Erreka). Bikoteka, berriz, Erreka taldea izan zen irabazlea; Barandiaran-Mariezkurrenak 22, Labaka-Aizpuruk 18.
Igandean, berriz, Lemoa eta Buruzgain taldeak aritu ziren. Aurrekoetxeak (Lemoa) eta Astizek (Buruzgain) 4 eta 18 egin zuten, lau t’erdian. Jarraian, Arresek (Buruzgain) 18 eta 11 irabazi zion Gaskueri (Lemoa). Azkenik, bikoteka, Elezkanok eta Etxeberriak (Lemoa), Iriarte eta Sarasaren (Buruzgain) aurka, 15 eta 22 egin zuten.
Lehenengo finalaurrekoa
Datorren igandean, hilak 28, Irurtzun eta Hernaniko taldeen arteko kanporaketa jokatuko da, 17:30ean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Talde bakoitzak, bere pilotari egokienak aurkeztuko ditu. Pilotari hauek aritzea espero dia; banaka lau t’erdian Lansalot (Irurtzun) Ojuelen (Hernani) aurka; banaka frontoi osoan, Ongai (Irurtzun) Lizeagaren (Hernani) aurka; eta binaka, Olazabal eta Bergera (Irurtzun), Arrieta eta Azpitarteren (Hernani) aurka.
Irurtzungo taldeak pilotari talde oso indartsua dauka. Zaramaga arabar taldea kanpoan utzi du eta txapela irabazteko moduko taldea erakutsi du. Hernanikoa, ofizio handiko pilotari talde batez osatua dago. Joan den urteko talde txapelduna, Tolosako Aurrera, nahiko erraz kanporatu du Hernanik. Amezketako Zazpi Iturri taldeak Doneztebeko Erreka taldea kanporatu du, eta Buruzgainek, berriz, Lemoakoa kanpoan uzteko gogotik egin behar izan du lan.
Bai Amezketakoak eta baita Ultzamakoak ere, aurreko urteetan baino talde osatuagoak aurkeztu dituzte. Talde nafarrean, maila ona eman du Astiz pilotariak, ordezko bezala zetorrela kontutan hartuz gero.
Torneo honetan, finalaurrekoetan sartu diren lau taldeak ez zeuden joan den urteko lau onenen artean. Ofiziozko pilotariz eta pilotari berriz osatutako taldeak dira, horietako batzuk etorkizun handikoak gainera.












