Bezero eta merkatari gazteak lortzea, merkataritzaren erronkak
Ikertalde enpresak Zumarragako merkataritza biziberritzeko plana egin du. Eskaria eta eskaintza aztertu dituzte eta herriko merkataritza sustatzeko 34 ekintza zehaztu dituzte. Plana atzo aurkeztu zuten. Ekitaldian Ikertaldeko Iñigo Artetxek, Juan
Ikertalde enpresak Zumarragako merkataritza biziberritzeko plana egin du. Eskaria eta eskaintza aztertu dituzte eta herriko merkataritza sustatzeko 34 ekintza zehaztu dituzte.
Plana atzo aurkeztu zuten. Ekitaldian Ikertaldeko Iñigo Artetxek, Juan Andrades Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak, Mikel Serrano alka-teak eta Rosa Maiza zinegotziak parte hartu zuten.
Artetxek, merkataritza guneak urruti daudenez, herritarrek erosketa asko herrian egiten dituztela esan zuen. «Berotegi efektu honek mesede egiten du, baina negutegian zirrikitu bat dago: on line erosketak».
Herritarrek erosketen %56 Zumarragan egiten dituzte, %31 Urretxun eta %12 beste herri batzuetan. «Zumarragan egiten diren erosketen %34,4 urretxuarrek egiten dituzte. Kanpotik erosle gutxi etortzen dira. Gastuaren %5,4 bakarrik egiten dute kanpotarrek».
Erronketako bat gazteak erakartzea dela esan zuen. «Bi bezero mota ditugu. Alde batetik, herritik gutxi ateratzen diren adinekoak. Bestetik, herritik irten eta on line erosketak egiten dituzten gazteak. Eszenario berri baten aurrean gaude eta egokitzen jakin behar dugu».
Zumarragako merkataritzak beste erronka bat ere badu. «Merkatarien adina oso altua da. Horrek arazo bat sortuko du epe motzera. Merkatarien %25ek 65 urte beteko dituzte aurki eta ordezkoak aurkitzeko lan egin behar dugu».
Indarguneei dagokienez, ospitalea eta Inaziotar Lurraldea aipatu zituen. «Ospitalera jende asko etortzen da eta horiek erakarri behar ditugu, baita Inaziotar Lurraldera etortzen direnak ere. Bestalde, lokal hutsen arazoa ez da beste herri batzuetan bezain larria».
Merkataritza biziberritzeko, lan mahai bat osatuko dute. Udalak, merkatariek, Uggasak eta Merkataritza Federazioak parte hartuko dute. Mahai honek zerbitzu eta turismo alorrekoekin eta Urretxuko merkatariekin elkarlana bultzatuko du. Udalak pertsona bat kontratatu du sei hilabeterako, mahai hau martxan jartzeko.
Ekintzak
Gainera, 34 ekintza zehaztu dituzte: Legazpi eta Soraluze ka-leak oinezkoentzat egokitu, Euskadi plaza birpentsatu, lokal hutsei erabilera eman, merkatariak teknologia berrietan trebatu, merkataritza kultur ekitaldietan eta festetan txertatu, baserritarrek plazan duten txokoa erakargarriagoa egin, adineko, gazte, ospitaleko erabiltzaile eta turistei zuzendutako estrategiak zehaztu…
Maizak negozioak berritzeko laguntzak egongo direla eta irailean erosketak herrian egitea helburu izango duen programa bat martxan jarriko dutela aurreratu zuen. Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlana oso garrantzitsua dela aipatu zuen.
Alkateak orain arte abian jarri diren egitasmoak aipatu zituen (Singular Dendak, lokal hutsen datu basea, erakusleiho lehiaketa, feriak eta azokak suspertzeko egitasmoa…) eta herritarrak erosketak herrian egitera animatu zituen.