Laster batean datoz San Blas jaiak
Idiazabaldarrak San Blas festak berotzen hasiko dira bihartik aurrera. Txistularien alardea, herri krosa eta haurren danborrada izango dira asteburuko ekitaldi nagusiak
Gainean daude Idiazabalgo San Blas jaiak eta asteburu honetan hasiko dira idiazabaldarrak jaietarako berotzen. Ekitaldi nabarmenen artean, larunbateko txistularien alardea dago. Aurtengoa gainera, hitzordu berezia izango da, 25. urteurrena ospatuko baitute. Igandean, berriz, herri krosa goizean eta haurren danborrada arratsaldean izango dira.
Igandeko herri krosak 38. edizioa izango du aurten, eta parte hartu nahi dutenak denboraz dabiltza oraindik. Bihar, ostirala 21:00etan amaituko da izena emateko epea, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez. Dortsalak Idiazabalgo plazan jaso daitezke, igandean bertan, 11:30a baino lehen. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da. Dena den, antolakuntzak jakinarazi du, aldez aurretik ematea komeni dela, egunean pilaketak sor ez daitezen.
Aldaketak beteranoetan
Kategoriaren arabera aterako dira korrikalariak, dena den aurten aldaketa bat egongo da. Izan ere, beteranoen kategorian, aurreko urteetan, 40 urtetik gorakoek parte hartzen zuten. 38. edizioa zango den honetan, berriz, adina igo dute eta 45 urtetik gorakoak izango dira kategoria horretan sartzen direnak.
Irteera ordutegiari eta distantziari dagokionez, gaztetxoenak aterako dira lehenego. 10:45ean neska mutil benjamin, alebin eta infantilen txanda izango da. Benjaminek, 600 metro egingo dituzte, alebinek 1.100 metro eta infantilek, 1.600. Kadeteak, helduak eta beteranoak, berriz, 12:00etan aterako dira. Kadeteek 3.525 metro egingo dituzte, eta heldu eta beteranoek dezente gehiago: 10.245 metro. Lasterketa amaitutakoan Zelaa kiroldegiko dutxak erabiltzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Alardearen 25. urteurrena
Galdu ezin daitekeen hitzordua izango da aurten txistularien alardea, 25. urteurrena ospatuko baitute eta sekula baino ilusio handiagoarekin prestatu dute emanaldia. Gainera, San Blas jaietako pregoilariak ere izango dira, baina hori datorren astebukaeran gertatuko da.
Ohikoa den bezala, alardearen aurretik, txistulari ohien kalejira egingo dute. Jarraian, Zelaa kiroldegian, Birigarroa Txistulari Elkarteak antolatutako alardeari egingo dute, 20:00etan hasita. 600 ikusle inguru bilduko dituen ikuskizuna da.
Naxario Telleria txistularien alardearen sortzailea da eta berak adierazi duenez, «irailean hasi ziren guztia lotzen, nahiz eta aldez aurretik beste hainbat lan ere» egin behar izan dituzte. Izan ere, egun horretan joko dituzten abestien moldaketak egin ohi dituzte. Lan hori, Iñaki Telleriak, alardeko zuzendariak eta Naxarioren semea ere badenak egin ditu.
Urteurrenerako, herriko kultur eragile gehienak gonbidatu dituzte, alardean parte hartzeko. Beraz txistulariez gain parrokiako abesbatzak, musika eskolako ikasleak, dantzariak, danborradako haurrak, kantujirako lagunak, herriko txalapartariak eta herritar desberdinak bakarlari modura arituko dira.
Haurren danborrada
Tradizio handia duen beste ekitaldietako bat, igandean egingo duten haurren danborrada da. Aurtengoa, 33. urtea izango da danborrada egiten hasi zirenetik. 210 haur aterako dira guztira korporazio txiki eta hainbat konpainiatan banatuta. Eguraldiak laguntzen badu, ohiko ibilbidea egingo dute. Arratsaldean, 17:00etan aterako dira kalejiran.
Festa nagusiak 2an
Idiazabalen ohikoa izaten den moduan, San Blas jaiak bi txanpatan jokatuko dituzte. Lehena asteburu honetan izango da, baina festa nagusiak datorren asteburuan hasiko dira. Hala,ostiralean, otsailak 2, irakurriko dute festa hasierako pregoia.
Egitaraua
Bihar, ostirala · 16:00. Kantu jira, eguneko zentroan. Larunbata, 27 · 10:00. Plater hausketa, San Inazioko Mendigorria zelaian. · 17:00. Umeen pilota partiduak. · 19:30. Txistulari ohien kalejira. · 20:00. Txistularien alardea, 25. urteurrena. Birigarroa txistulari taldeak antolatuta. Igandea, 28 · 10:45. Haurren herri krosa. · 12:00. Kadete eta helduen herri krosa. · 17:00. Haurren danborrada. · 19:00. Xaibor haur eta gazte animazioa.












