Aralar, lehoinabarren bizileku
Erromatarren aurretik Goierriko bizimodua eta heriotza nolakoa zen aletu berri du Ordizian Jose Antonio Mujikak, EHUko irakasle eta historiaurrean adituak
“Garai bateko gizakiak ez ziren bizi kobazuloetan bakarrik. Nomadak ziren, eta horregatik, zaila da toki horiek aurkitzea” “Duela 6.000 urte hasi ziren talde ehorzketak eta hilobi haitzuloak egiten, ezkutatu egiten zituzten ordura arte”Beste aldaketa nabarmen bat izan zen tarte horretan: klimarena. “Orain 11.500 urtetik honakoa da egun dugun klima”. Izotz Aroaren azken unean epelduz joan zen klima. Basoak ugaritu egin ziren; urritu egin ziren pinudiak, eta zabaldu haritzak zein ezkiak, hosto erorkorreko zuhaitzak, orokorrean. Ondorioz, aldatu egin ziren animaliak, eta espezie asko desagertu zen garai horretan: leize hartzak, mamutak, lehoinabarrak, lehoiak… Beste espezie batzuek, berriz, emigratu egin behar izan zuten landarediaren aldaketaren eraginez. Igo egin zen itsasoaren maila, eta gizakiak aldatu egin zituen bere teknikak. “Ez da gauza bera bisonteen atzetik joatea edo oreinen atzetik ibiltzea. Adibide gisa, arkua garatu zuten”. Ataungo Pikandietan eta Idiazabalgo Artegietan aurkitu zituzten Goierrin bizi izan ziren Homo sapiens sapiens haien aztarnak; azken ehiztari biltzaileak izan ziren haiek. Neolitoa eta heriotza Neolitokoa da hurrengo geldialdia. Harria leundu zuten garai hartan, eta, aizkorak egiteaz gain, zeramika lantzen eta animaliak nahiz landaredia etxekotzen hasi ziren. Garai hartakoak dira lehenengo herrixkak, eta Euskal Herrira orduan iritsi ziren ardiak eta ahuntzak, Ekialde Hurbiletik. Arabako Errioxan daude garai hartako aztarnarik zaharrenak. Baina isiltasuna nagusituko da, berriz ere, neolito garaiak oso aurrera egin arte. Duela 6.000 urtetik hona berriz agertuko dira aztarnak, eta aldaketa horrek badu zerikusirik heriotzarekin. “Nomadak ziren gizaki haiek, eta denbora tarte laburrean egoten ziren indusketekin aztertzen dituzten haitzuloetan. Ezezagunak dira gainontzeko bizilekuak”. Mujikaren hitzetan, Neolito garaian herrixkak sortu zituztenean iritsi zen aldaketa. Duela 7.000 urteko hilerri bat dago Los Arcosen (Nafarroa); zulo bat dago hilotz bakoitzeko, eta, asko jota, binaka daude gorpuak. Animalia, apaingarri edo lurrontzi batekin daude batzuk. “Duela 6.000 urte ekin zieten talde ehorzketei. Hildakoak ezkutatu egiten zituzten ordura arte, baina handik aurrera eraikuntzak egiten hasi ziren —trikuharriak—”. Adituaren hitzetan, naturan zeuden haitzulo edo kobazulo txikiak baliatzen zituzten horretarako. “Paisaia banatu egin zuten haiek, eta erreferente izango dira, mugarri”. Beste pauso bat emanda, duela 3.000 urte hasi ziren errausketak egiten. Harrespilak Leitzaran arte (Nafarroan) bazeudela eta Goierrin ezin aurkituta ibili ondoren, Ondarrekoa aurkitu zuen Mujikaren lantaldeak, Aralarren. Harri bat, bi… Indusketak egin, eta 35 bat harri agertu ziren bueltan-bueltan: harrespila bat. Harri bat, iraganaren zantzuak ikusteko begirada, eta zoria ere behar da aurkikuntzetarako.