«Historia kontatzeko oso tresna aproposa da antzerkia»
Lourdes Imaz (Segura, 1952) irakaslea izan da lanbidez eta azken urte hauetan bi antzerki gidoi idatzi eta bi antzezlan zuzendu ditu ...
Lourdes Imaz (Segura, 1952) irakaslea izan da lanbidez eta azken urte hauetan bi antzerki gidoi idatzi eta bi antzezlan zuzendu ditu 2006an sortutako Segurako antzerki taldearekin: 2014an Ez dira aspaldiko kontuak eta 2017an Iragana, lahar eta larrosa. Euskal Herriko bi garai historiko jaso eta ezagutzera eman dituzte bertan. Urte askoan irakaskuntzan egindako irakaspen eta transmisio lana, antzerkiaren bidez egiten ari da orain. Ataungo Herri Antzokian aurkeztuko dute bihar, 19:00etan.
1923-1937ko Goierriko herri batean kokatzen da antzezlana eta orduko egoera politikoa eta soziala azaltzen duzue. Nondik sortu zen ‘Iragana, lahar eta larrosa’ sortzeko ideia?
Mikel Aramendi itsasondoarrak Itsasondoko udaletxean akta bat aurkitu zuen, 1931ko apirilean, bertako udalbatzak, Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko mozioa aho batez onartu zuela zioena. Gure Esku Dagok aprobetxatu zuen Araman ekitaldi bat egiteko (Arama izan zelako lehenengo herria), eta demokrazia garaiko zinegotzi eta alkate guztiak gonbidatu ziren. Hantxe geundela, Angel Oiarbidek esan zidan: «Zer gauza gertatu ziren eta zer gutxi dakigun». Ordurako eginda geunden Ez dira aspaldiko kontuak antzezlana, eta berak esan zidan: «Ez al dago antzerki baten bidez adierazterik orduan gertatutakoa?». 2016. urtean izan zen.
Zer erantzun zenion Angel Oiarbideri?
2014an Ez dira aspaldiko kontuak estreinatu genuen eta «utzi egingo dugu» esan nion, zaila izango zela. Baina neroni ere halako interes bat sortu zitzaidan, eta dokumentatzen hasi nintzen. Oso garai interesgarria zela iruditu zitzaidan eta antzerkian ondo legokeela jendeak ezagutzeko. Angel Oiarbideren erronkari heldu eta 2017ko maiatzean 13an estreinatu genuen Seguran.
Euskal Herriko garai ezezaguna da 1923 eta 1937 urte artekoa, Primo de Riveraren diktadura garaitik 36ko gerra hasierara artekoa.
Bai, ezezaguna da bai, eta oso-oso emankorra izan zen garai hura. Errepublika garaian txinparta Bizkaian sortu zen itxuraz, eta alkate batzuk bultzatu zuten alkateen mugimendua. Elorriokoa zen bat. Elorriokoek antzerkiaren berri jakin zute-nean han antzeztea nahi zuten, eta udaletxean gogorarazi zuten garai hartako hura eta udalbatza osoak atxikipena egin zuela. Nolabait, harrotzen edo mugitzen ari dira gauzak. Datorren hilean Getxora ere joango gara. Jose Antonio Agirre Getxokoa zelako, garai hartan alkate, eta mugimenduak berak gidatu zuen.
Barrenak astintzen ari zarete, beraz.
Jendeak ez du espero izaten. Adineko jendea negarrez etorri izan zaigu, hunkituta, beraiek gertuago bizi izan zuten eta. Gazteek ikusi beharreko antzezlana dela esaten dute eta esker ona ematen digute. Bete egiten gaitu horrek eta indarra ematen digu beste toki batera joateko ere. Guretzat lan handia da hau: jende gehiena la-nean dabil, entseguak egiteko geure ordu asko erabiltzen ditugu… Baina herri guztietan hurbildu zaigu jendea eskerrak ematera, eta barruak astindu ditugula esatera. «Zer historia klasea eman diguzuen » esaten digute beste batzuek.
Gazteak hurbiltzen dira?
Bai, geroz eta gazte gehiago joaten da eta harrituta gelditzen dira garai hartan autodeterminazio hitza ere erabiltzen zutela ikusten dutenean. Baita ere asko gustatzen zaizkie eszena bakoitzaren aurretik dauden proiekzioak eta antzezlaneko musika. Karlos Jimenezek antzerkirako konposatu duen musika da. Oso ederra.
‘Iragana, lahar eta larrosa’ antzezlana hiruzpalau emanaldi egiteko sortu zen, baina bihar Ataunen ere saioa antzeztuko duzue.
Asmoa horixe zen. Seguran estreinatu, Goierrin herriren ba-tean, Gipuzkoan besteren batean eta kitto. Baina jendeak antzerkiaren berri jakiten duenean, edukia gustatu egiten zaio eta orain bizi garen egoera honetan, gure erabakitzeko eskubidearen aldarria hain bizi daukagunean, jendeak interesez hartu du.
Zenbatgarren saioa izango da Ataungoa?
Hamargarrena. Seguran, Idiazabalen, Zarautzen, Tolosan, Elorrion, Oiartzunen, Hernanin, Baztanen eta Ordizian izan gara. Bihar Ataunen, eta Getxora ere joatekoak gara.
Orain arte idatzitako eta zuzendutako antzerkiak historikoak dira, Euskal Herriko garai desberdinak landu dituzue.
Historia kontatzeko oso tresna aproposa da antzerkia. Niri historia asko gustatzen zait eta jubilatu nintzenean egin nuen historia ikastaro bat. Konturatzen naiz, lehen gertatutakoa ezagutzea oso interesantea dela, badugula lehendik ere zer ikasia, eta orduan egindako hainbat gauza, gaurko ere baliagarriak izan daitezkeela.
Irakaslea izan zara lanbidez, eta orain ere beste era batera ari zara erakusten.
Bai, hori da. Erakusten eta ikasten ni neu ere. Antzerki talde bateko partaidea izateak asko erakusten du. Niri, taldekideek asko irakatsi didate. Hemen batera doa, ikasi eta irakatsi.
Antzerki gidoiak idazten esperientziarik ba al zenuen?
Egia da, antzerkia beti gustatu izan zaidala. Segura nahiko antzerki lekua izan zen eta neronek egin nuen zerbait umetan. Gero eskolan antzerkia emateko aukera izan nuen, 14 urteko neska-mutilei. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako testu batzuk erabiltzen genituen, baina beti moldatu behar izaten ziren taldearen arabera. Gidoiak moldatu behar izaten nituen, baina ez nengoen obra bat idatzita.
‘Ez dira aspaldiko kontuak’ izan zen, beraz, lehenengoa? Nola animatu zinen?
Bai. Ez dira aspaldiko kontuak idatzi nuenean, frankismo garaikoa, hura kontatzeko gogoa baneukan, guk bizi izandakoa zen eta. Hainbat idazlerengana, Xabier Mendigurenengana, nire alabarengana [Garazi Goia] joan nintzen ea idatziko zuten galdetzera. Baina beraiek beti esaten zidaten: «Azke-nean zuk dakizu zer adierazi nahi duzun. Idatzi, eta moldatuko dugu». Horrekin hasi nintzen eta ez zitzaidan iruditu hain gaizki atera zenik. Eta honekin ere animatu egin nintzen.
Dena den, antzerki talderik gabe ez dago antzezlanik.
Taldearen emaitza da antzerki bat, ez da pertsona batena. 2006an sortu genuen antzerki taldea Seguran Juan Agirrek idatzitako Segura 1256-2006 lanarekin. Antzezlan horrek taldekooi eman zigun aukera historian sakontzeko eta ospakizuna zen edo ez ikusteko. Baita ere, Bidean aspaldi galdutako izena eta izana Errastiolatza Segura 1256 antzeztu genuen. Konturatu ginen antzerkia oso bide egokia dela historia transmititzeko. Herritarrak izateak eta afizionatuak izateak balorea ematen dio. Bestalde, herri lan bat da, gure historia kontatzen ari gara. Ezagutzen ez genuen historia. Isilpean egon den eta eduki nahi izan den historia. Horrek berak indarra ematen digu jarraitzeko.
Belaunaldi desberdinetako segurarrak elkartzen zarete taldean.
Bai, adin ezberdinetako lagunak elkartzen gara eta talde lan handia egiten da. Talde lana ez da erraza, baina ezinbestekoa da. Hasteko, helburu beraren alde lana egiteko konpromisoa hartu behar da. Horrek taldekideen arteko partaidetza, errespetoa eta konfidantza eskatzen du. Hitz indartsuak dira horiek. Norberaren interesak ezin dira taldearen interesen gainetik jarri, eta bakoitzaren jarrerak eta ekarpenak taldea tinko eta osasuntsu mantentzen du.