Errekarte baserriaren eraisketan, "fibrozementuzko elementuak ez dira manipulatuak izan eta ez dute eraginik izan", gaineratu du Sukia Eraikuntzak.
Asteazkenean, Beasaingo
Errekarte baserria eraisteko lanak hasi zirenean, LAB sindikatuak jakinarazi zuenez, Osalanekin eta Lan Ikuskaritzarekin jarri ziren harremanetan, “Errekarten amiantoa zegoela salatzeko”.
Eraisketa lanak egiten ari den Sukia Eraikuntzak bidali berri duen komunikatuak dioenez, Errekarte baserriaren eraitsi aurreko lanean enpresako teknikariek “fibrozementuzko hainbat plaka antzeman zituzten baserriaren ondoko txabolan”. Era horretan, “lanak hasi aurretik egoera honetako ohiko prozedimendua aktibatu” zutela dio. Dena den, Errekarte baserriaren eraisketan, “fibrozementuzko elementuak ez dira manipulatuak izan eta ez dute eraginik izan”, gaineratu du Sukia Eraikuntzak.
LAB sindikatuaren oharra
Gai horren harira, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, “LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzan jarritako salaketa medio, badakigu Osalan dagoeneko Errekarte auzoko eraisketan egon dela”. Honela, “salagarria, lotsagarria eta oso larria deritzagu honen ardura duten eta bermatuko behar duten erakundeek, are gehiago Beasainen eta Goierrin amiantoaren ondorioak ezagutzen den gunea izanik, honela jokatzeari”.
Sindikatuak nabarmendu duenez, “badakigu amiantoa baimenik gabe eta ezkutuka eraman dutela. Hura ikertu dadin eta ardurak eska daitezela eskatzen dugu, politikoak barne. Udala da erantzule, han egondako baimen tekniko eta egindako aurre ikuskapenetan, ez zekiten han amiantoa zegoenik?”
Era berean, LABek “berriro” eskatzen die “udal eta erakunde guztiei egin ditzatela beraien herrietako amiantoaren mapak, jardun daitezela araudietan oinarrituz eta babes dezatela langileen eta oro har, biztanleriaren segurtasuna eta osasuna, eta gaixotu direnei patologia onar dakiela eta prestazioa eta langileen gaixotasunarekin aberastu zirenen kalte-ordaina jaso dezatela”.
Beasaingo Udalaren iritzia
Beasaingo Udalaren esanetan, “eraikuntzaz ardura duen enpresak kasu hauetan eman beharreko pausoak ematen ari da jasotako erantzunaren arabera. Udalak eraitsi eta eraikitzeko ematen duen lizentziak berak behartzen du enpresa neurriak hartzera bai kasu hauetan edo beste edozeinetan”.