Gaur Seguran jokatu den Gipuzkoako taldekako bola txapelketaren finalean Goierriko bi taldek jantzi dute txapela: Zeraingoak emakumezkoetan eta Segurakoak gizonezkoetan.
Finalerako hiru talde zeuden sailkatuta emakumezkoetan, horietako bi Goierrikoak eta bestea, Villabonakoa. Aurreko urteetan Zerain eta Gabiriako emakumeak elkarrekin aritu dira lehian, baina aurten bakoitzak bere aldetik osatu dute taldea. Zeraindarrak izan dira garaileak, Villabonakoak bigarrenak eta Gabiriakoak hirugarrenak.
Gizonezkoetan, aldiz, segurarrek irabazi dute. Bigarrenak Urnietakoak izan dira, hirugarrenak Ategorrietakoak eta laugarrenak Zarauzkoak.
Bihar ere badute hitzordua bolazaleek, Zerainen hain zuzen, bertan hasiko baita jokatzen binakako txapelketa. Goiz eta arratsaldez izango dira tiraldiak; izen-emateak 09:00etatik 11:00etara eta 16:00etatik 17:00etara izango dira.