Ampo Ordizia play offetako postuetan da, asteburuan irabazi eta gero
Ligako oilarren kontra hazi egiten dela erakutsi du berriz ere Ampo Ordizian. Pasa den asteburuan Santboiana mendean hartu bazuen, oraingoan Senor Independiente, hirugarren sailkatua zuen aurkari. Baina Ampok azken partidetako itsura eta sentsazio onak eskaini ditu berriz ere, eta partida landu bati esker, garaipena lortu dute Altamiran.
Etxekoek zabaldu zuten markagailua 13. minutuan, eta ia partida osoan aurretik joan baziren ere, Santandergo taldeak estu hartu zituen, etxekoen entsegu guztiei beste batekin erantzunda. 16. minutuan berdindu egin zuten bisitariek. 23.ean, Lescanok egin zuen entsegua, baina 35ean erantzun zuten bisitariek. Valentin Cruzen zigor kolpe bati esker, tartea handituta joan ziren atsedenaldira, 17-12.
Aldagelatik bueltan era Ampo izan zen puntuatzen lehena, Siosiua Moala jokalari etorri berriaren eskutik. Cruzek kolpea gauzatu ondoren, 24-12 aurretik ziren etxekoak, baina beste behin ere, erantzuna etorri zen, eta nolakoa gainera. 51 eta 57. minutuetan entsegu bana egin eta markagailuari buelta (24-26) eman zioten. Cruzek etxekoen animoak lasaitu zituen, beste zigor kolpe batekin. Azkenean, eta puntu bakarragatik bada ere, etxekoek 27-26 irabazi zuten.
Ligako azken bi partidak irabazita, play offetako postuetan sartu da Ampo Ordizia. Sailkapen nagusiko seigarren postuan daude orain, Bartzelonari aurrea hartuta, eta bosgarren dagoen Santboianarengandik puntu bakarrera.
Berriz ere Altamiran
Asteburuan jokatu den partida, urtarrilean elurteagatik atzeratutakoa izan da. Horregatik, Ordiziari hiru partida segidan etxean jokatzea tokatu zaio. Datorrena ere Altamiran izango da, La Vilaren kontra. Sailkapenaren atzealdean dabil talde valentziarra, baina azken jardunaldietan gorako bidea hartu dute eta etxekoek ez dute konfiantza gehiegirik hartu nahi. Hala ere, garaipena izango dute helburu, play offetako postuetan mantendu ahal izateko.