Aurtengo azaroaren 23tik abenduaren 3ra doazen hamaika egunetan Euskal Herri osoan euskararen erabilerari bultzada emateko ekimena da Euskaraldia. Legazpin talde eragile bat osatzeko asmoa daukatela eta herritarrek parte hartzeko izena emateko aukera izango dutela iragarri dute.
Dagoeneko herriek izena emateko epea zabalik dago. Izena
Euskaraldia egitasmoaren webgunean eman daiteke.
Euskaraldiaren muinean galdera bat dago: «Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?». Galderak erantzun bat baino gehiago duen arren, Euskaraldiaren antolatzaileek «hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat» proposatu dute.
Hain zuzen, urte amaierako hamaika egun horietan euskaraz hitz egiten edo ulertzen duen orok euskaraz egingo balu egunerokoan eragina izan dezakeelakoan daude. Euskaraz egiteko bi rol ematen dituzte aukeran: Ahobizik ulertzen duenari euskaraz egingo dio hark erdaraz erantzun arren eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egingo die; Belarriprestek, ulertzen duenez gero, euskaraz egiteko eskatuko du. Finean, egunerokotasunean euskara pentsatu baino gehiago erabili daitekeela frogatu nahi dute.