Energia aurreztu asmoz
Aldundiak sustatuta, energia planak ari dira osatzen Gipuzkoan. Uggasak jarri du martxan; Goiekik bidean du.
Klima aldaketari aurre egitea jomugan jarrita, eta energia ...
Aldundiak sustatuta, energia planak ari dira osatzen Gipuzkoan. Uggasak jarri du martxan; Goiekik bidean du.
Klima aldaketari aurre egitea jomugan jarrita, eta energia aurreztea eta eraginkortasuna epe laburragoko helburutzat hartuta, etxeko betiko bonbilla bonbilla eraginkorrago batekin ordezkatzea bezain ekintza erraz eta sinpleekin has daiteke bidea. Erakundeek ere badute, ordea, ardura bide hori jorratzeko orduan, eta horretaz jabetuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatu du energiaren arloko estrategia bateratua tokiko eta eskualdeko erakundeekin batera. Estrategia horren helburuak mendekotasun eta pobrezia energetikoa murriztea eta energia eredu iraunkorrerako trantsizioari hasiera ematea dira.
Goierriko bi garapen agentziak ari dira lanean foru aldundiarekin batera estrategia horren lanketan. Hala, Uggasak (Urola Garaiko Garapen Agentzia) martxan jarrita du dagoeneko estrategia horren barruan kokatzen den energia plana, eta Goieki (Goierriko Garapen Agentzia)?prestatzen ari da berea, urte honetan zehar abian jartzeko asmoarekin.
Klima aldaketaren aurka
Uggasa ez da hutsetik hasi bere esparruko udalerrientzako energia plana diseinatzeko orduan;?2006an dagoeneko osatu zuen energia mahaia Legazpi, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko udalekin eta UGLE lanbide eskolarekin batera. Haren jarraipena da, beraz, duela bi urte landu eta iaz indarrean jarri zen plana. Foru aldundiaren babesa izan du lanketa horretan, eta Aizkorpe enpresak diseinatu du.
Uggasaren plan energetikoa aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan kokatzen da, eta bere helburu nagusiak isurketak murriztea, bizitza kalitatea hobetzea eta herritarrak arazo honetaz kontzientziatzea dira.
Plana diagnostiko batetik abiatu da eta 2019ra arteko ekintza egutegia proposatzen du. Hiru izan dira abiapuntuak:?CO2 isurketen inbentarioa, energia kontsumoaren azterketa eta haizearen kalitatearen neurketa. Diagnostikoak, planaren eremuko herrietan energia kontsumo nagusiak eta isurketa iturriak ezagutzeko balio izan du. Horren ondorioz, energia gehien zein alor edo jarduerak kontsumitzen duen eta negutegi-efektuko gasen isurtzaile nagusiak zeintzuk diren identifikatu dira, horiengan jarduteko asmoz. Emaitzak kontuan hartuta, estrategia eta ekintza plana osatu dituzte, bereziki energia kontsumoa murriztera bideratuta.
Lau atal jorratu behar dira ekintza plan horretan:?batetik, eraginkortasun energetikoa; bestetik, mugikortasuna;?hirugarrenik, energia berriztagarriak; eta azkenik, zaborren kudeaketa.
Urratsez urrats
Ekintza zehatz ugari zerrendatu dira Uggasaren energia pla-nean eta batzuk martxan jarri dira dagoeneko, Uhin enpresaren laguntzarekin. Iazko udazkenean, esaterako, energia azoka burutu zen Legazpin. Kontsumo elektrikoa txikiagotzeko eta eraginkortasun energetikoa etxeetan sustatzeko helburua duen foru aldundiaren Argitu programak, bestetik, geldialdia egin zuen Legazpin eta Urretxun. Gainera, udalek aholkularitza energetiko zerbitzua eskaini dute iazko udatik urte bukaerara arte.
Bestetik, energia planeko lau atalak ere ekintzaz bete dira. Hala, eraginkortasun energetikoari dagokionez, udal eraikuntzak, argiteria publikoa eta etxebizitza partikularrak hartu dira helburu gisa. Udaletako eraikinetan, adibidez, ur, argindar eta klimatizazio sistemen kontsumoak monitorizatu dira, eta jasotako datuen ondorioz kontsumo horiek optimizatzeko eta eraginkorrago bihurtzeko neurriak hartuko dira. Ekintza honekin urtean 355,55 MWh (megawatio ordu) aurreztea espero da edo, beste era batera esanda, atmosferara 83,56 CO2 tona gutxiago isurtzea.
Mugikortasunaren lan eremuan, bestetik, udaletxeetako ibilgailuak eta ibilgailu partikularrak hartu dira kontuan. Hala, isuri bajuko kotxeak erostea sustatuko da herritarren artean, petrolioarekiko mendekotasuna murriztu asmoz. Ekintza horrekin, urtean 59,989 MWh aurreztea aurreikusten da, hau da, 16,017 CO2 tona gutxiago isurtzea.
Udalak dira, bestalde, energia berriztagarrien alorreko ekintzen hartzaile, eta proposatzen zaiena da eguzki plaken bidez autokontsumorako argindarra sortzea.
Amaitzeko, hondakinen atalean etxebizitza partikularrak jorratuko dira, eta gaikako bilketan jarriko da indarra.
Asko dago egiteko, ez dago zalantzarik, baina urratsak emanez, txikiak izanda ere, aldaketa klimatikoari aurre egitea posible da.