Langabetuen arteko elkartasuna Zumarragan
Langabezian gelditzea esperientzia gogorra da. Lana bilatzea ez da erraza, eta gainera, gogo-aldarte txar batean egin behar da. Hori guztia jakinik, Zumarragako Udalak Ekimena egitasmoa jarri du abian. Herriko hamabost
Langabezian gelditzea esperientzia gogorra da. Lana bilatzea ez da erraza, eta gainera, gogo-aldarte txar batean egin behar da. Hori guztia jakinik, Zumarragako Udalak Ekimena egitasmoa jarri du abian. Herriko hamabost langabetu, Saregintzako teknikarien laguntzarekin, lana bilatzen ikasten ari dira. Gainera, elkarri lana bilatzen laguntzen ari dira. Taldeko bi kidek lana aurkitu dute dagoeneko.
Ostiralean prentsaurrekoa eman zuten orain arte egindakoa ezagutzera emateko eta hurrengo pausoak zeintzuk izango diren azaltzeko. Enpresa baten moduan lan egiten dute, helburua beraien burua saltzen ikastea eta guztientzat lana aurkitzea da. Prentsaurrekoa beraiek antolatu zuten.
Enpresak bi atal ditu: alde batetik giza baliabideetakoak daude eta bestetik komunikaziokoak. Giza baliabideetako Eguzkiñe Diaz de Espadak eta Cristina Valinek parte hartzaile guztien curriculumak egin dituztela aipatu zuten. Argazkia elkartekoek atera dizkiete argazkiak.
Horretaz gain, lan bilaketa webguneetan izena eman dute eta eskaintzen jarraipena egiten ari dira.
Komunikazio taldeak, berriz, webgune bat prestatu du. Helburua Interneten egotea eta enpresek beraien berri izatea da. Ekimena.tk webgunean egitasmoari buruzko informazioa eta parte hartzaile guztien curriculumak jarri dituzte. Hauen artean, ingeniariak, saltzaileak, zaintzaileak, sukaldari laguntzaileak, ile-apaintzaileak, margolariak, garraiolariak, enpresa-ikasketetan lizentziatuak, sarrailagileak… daude.
Harremanetan jartzeko
Beraiekin harremanetan jartzeko, webgunera jo behar da edo ekimenazumarraga@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali. Gainera, curriculumak beraien telefono zenbakiak jarri dituzte. Curriculum hauek deskargatu eta inprimatu egin daitezke.
Parte hartzaileak gustura ageri dira orain arte egindako lanarekin. Pedro Castrok Whatsapp talde bat sortu dutela eta elkarri lan eskaintzak pasatzen dizkiotela aipatu zuen. Goratz Pozuetak norbaitek lan elkarrizketa bat dutenean elkarri animoak ematen dizkiotela gehitu zuen. «Egitasmo honek martxan jartzera bultzatzen zaitu. Ama izan naiz, autonomoa nintzen… Ez nekien zer egin lan merkatura itzultzeko. Ekimenak zure buruarengan sinisten eta formazioa hobetzen laguntzen dizu», esan zuen Ines Benitezek.
Saregintzako Javier Elizetxeak aurki enpresekin harremanetan jarriko direla aipatu zuen. «Enpresek lan egin nahi dugula, eta motibatuta eta prestatuta gaudela ikustea nahi dugu».