N-1 errepideko zarata gutxitzeko pantailak jarrita daude
N-1 errepideko zirkulazioak eragiten duen zarata gutxitzeko pantailak jartzeko lanak amaitu ditu dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundiak. Usabiaga Garabiak enpresaren ondotik Zumardi industriagunera eta trenbideetara sartzeko bidegurutzerainoko 288 metroko zatian jarri dituzte pantailak; 4 metro altuerako eta 10,6 zentimetro lodierako «bi aldetatik absorbenteak» direnak.
«Errepideko zarata gutxitzeaz gain, trenbidetik datorrena ere ez errebotatzen lagunduko dutenak. Panel metalikoak dira, eta zulatuak dituzte kanpoaldean, eta barnealdean material absorbentea», zehaztu du Beasaingo Udalak. Era honetan, lan horiekin, «N-I errepideko zirkulazioak eragiten duen zarata murriztuko da Beasaingo Trenbide kaleko etxebizitzen onerako».