Aste honetan lau odol ateraldi egingo dituzte Goierrin: Zumarragan eta Beasainen gaur, ostegunean Ormaiztegin eta ostiralean Legazpin. Odol premia dago Odol Bankuan.

Nekane Azurmendi eta Javier Arroyo.
Ohikoa izaten da urtarrilean Odol Bankuan odol falta izatea. Gabonak direla eta odol emaile askok ez dituztelako bi aste horietan zehar donazioak egiten, edo gripea edo beste gaixotasun batzuk direla eta, nahi izanagatik ezin dutelako odolik eman… Baina odol emateak behera egiten badu ere, ospitaleetako beharrak ez dira gutxitzen. 2018ko urtarrilean, aurreko urteetakoa baino okerragoa da egoera eta Euskadiko Odol Bankuak deialdi berezia egin du odola ematera joateko. Goierrin, aste honetan, lau hitzordu daude elkartasun ekintza hori egiteko: gaur, Zumarragan 17:15ean eta Beasainen 18:00etan; ostegunean Ormaiztegin 18:00etan eta ostiralean, Legazpin, 18:00etan.
Nekane Azurmendi eta Javier Arroyo Beasaingo Odol Emaile elkarteko kideek emandako datuen arabera, azken 20 urteotan asko jaitsi da odol emaile kopurua Beasainen, eta aldi berean, Beasaindik Odol Bankura eramaten diren odol poltsa kopurua: «20 urtean 1.200 odol poltsa gutxiago biltzen dugu; poltsa bakoitzak 0,4 litro ditu. Zer pentsatua eman beharko liguke». Bizitzako momenturen batean edozeinek izan dezake odol beharra. «Odol asko behar da egunero eta oso garrantzitsua da odol emaileak, odol poltsa bat emateko 5 minutuan egiten duen ekarpena. Aldaka edo kadera ebakuntza bat egiteko adibidez, 4-5 odol poltsa behar dira. Gibel edo giltzurrun transplanteak egiteko askoz ere gehiago».
18 urtetik eta 50 kilotik gora
Osasuntsu egotearekin batera, odol emaile izateko bi baldintza nagusi bete behar dira: 18 eta 60 urte bitartean izatea eta 50 kilotik gora izatea. Beasainen iaz 581 lagunek eman zuten odola; guztira, 695 poltsa. «Urtean behin edo bi aldiz deitzen diegu odol emaileei, baina ezin da inor behartu». Txandaka-txandaka, eskutitz bidez jakinarazten diete hitzordua; herrian kartelak ere jartzen dituzte hitzordua jakinaraziz. Dena den, badaude gehiago eman nahi izaten dutenak, eta halakoetan emakumezkoek urtean hiru aldiz eman dezakete odola eta gizonezkoek lau aldiz.
Odol emaile elkarteek duten arazorik nagusiena, «jarraipenik edo konstantziarik» eza dela diote Arroyok eta Azurmendik. «Larrialdiren baten aurrean odola emateko arazorik ez dago, baina jarraikotartsunez odola ematea kosta egiten da. Eta jarraipen hori lortuko bagenu, ez genuke larrialdiko deialdien beharrik izango». Batez ere, gazteek, 18 eta 45 urteko herritarren konpromisoa behar da, «gutxienez, datozen 20 urteko odol emaileak ziurtatzeko».
Beasaingo datuak
Hamazazpi ateraldi. Gaur, otsailaren 13an, martxoaren 7an eta 27an, apirilaren 10ean, maiatzaren 8an eta 29an, ekainaren 12an, uztailaren 2an eta 24an, irailaren 5ean eta 25ean, urriaren 9an, azaroaren 8an eta 27an, eta abenduaren 18an.
Odol poltsa kopurua
1998- 2002. 5.161 poltsa.
2003-2007. 4.741 poltsa.
2008-2012. 4.619 poltsa.
2013-2017. 3.925 poltsa.