Ordiziako lehen txakur parkea zabaldu dute Upabialdean
Txakurrentzako lehenengo gune berezia prestatu du Ordiziako Udalak. Upabialdean dago, skate parkearen ondoan. Oraindik amaitu gabe dago, eta «informazio kartela, txakurrek ura edateko iturria eta txakurren gorotzak jasotzeko zakarrontzia» falta badira ere, dagoeneko zabalik dagoela esan du Jose Migel Santamaria alkateak.
Aisialdi guneak 1.234 metro koadroko azalera du eta hesi batekin itxita dago. Ate bikoitza eta txakurrak askatzeko sarrera jarri dituzte, seguruago sartu eta irtetzeko.
Erabiltzaileentzat arauak
Ekipamendua txakurrak aske ibiltzeko eremu bat da. Dena den, oinarrizko arauak errespetatu beharko dituzte erabiltzaile guztiek: jabeek, euren animaliak zaindu beharko dituzte; animalia erasokor agertzen bada, lotu eta eremutik atera beharko da; txakur arriskutsu deritzanak, muturrekoa jarrita ibili beharko dute; puntadun lepokorik ezingo dute erabili; otzal dauden txakurrek ezingo dute eremuan sartu, ezta 12 urtetik beherako neska-mutilek ere.