Ordizian aparkaleku berri bat egiteko proiektua idazteko proposamena egin zuen udal gobernuak Udalbatzan. Gai horren aurrean desadostasuna adierazi du oposizioak
Urtarrilaren 25ean Ordizian egindako osoko Bilkuran, udal ordezkariek landu zituzten gaien artean, aparkaleku baten egikaritze proiektua idazteko kreditu gaikuntza zegoen. Gai horrek eztabaida luzea sortu zuen udal taldeen artean eta azkenean, gaia mahai gainean uztea erabaki zuten.
Udal gobernuak «Ordizia hobetzeko aukera garrantzitsu baten aurrean» dagoela esanez, «aparkaleku proiektua egiteko 60.000 euroko partida sortzea» proposatu zion Udalbatzari. Horren aurrean, udalbatzan emandako azalpenak herritar guztiei iristeko asmoz, EH Bilduk eta Ordizia Orainek prentsaurrekoa egin zuten pasa den ostiralean, «2018ko aurrekontuak oraindik onartu ez direnean, proposamen hori mahai gainean jartzea arduragabekeria» dela salatuz. Aparkaleakua, «Barrena parkean eta lur azpikoa» izan daitekeela aurreratu du oposizioak.
Udal gobernuaren azalpena
Iaz, aurrekontuen eta mugikortasunaren inguruko partaidetza prozesuetan «herritarrek behar hori luzatu» zutela azaldu zuen Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak osoko bilkuran, herrian aparkaleku baten beharra dagoela alegia. «Herritarrek, merkatariek eta bisitariek Ordiziako erdigunean aparkatzeko dituzten arazoak» ere aipatu zituen Santamariak, aparkalekuaren beharra arrazoitzeko. Horrez gain, «Europatik, obra guztiz ordaintzeko laguntza garrantzitsu bat jasotzeko modua» badutela argitu zuen.
Oposizioa kontra
Lehenik eta behin, «udalerriarentzat estrategikoak diren eta herritarren zein bisitarien hain interesekoak diren gaien inguruan udal gobernuak informazioa eman» diezaiela eskatu zuten EH Bildu eta Ordizia Orain-eko ordezkariek.
Izan ere, «azkeneko momentuan, gaia ongi landu gabeko orri bakar bat eman zietela salatu du oposizioak. «Zehaztu gabeko gauza asko gelditzen» direla nabarmendu zuten; «non, nola, zergatik, zenbat kostatukko da edota zertarako egingo da aparkalekua?» gehitu zuen Igor Egurenek EH Bildu koalizioko zinegotziak.
Santamariak berak, «Ordiziako azoka egunak sortzen dituen arazoak konpontzeko» arrazoia jarri zuen mahai gainean, beste hainbaten artean. Oposizioak aldiz, «egun bakarragatik aparkaleku berria egiteko beharrik ikusten ez» duela argitu zuen. Gainera, San Bartolomeko aparkalekua hor dagoela gogorarazi zuen eta aparkaleku hori «herritarrentzat eskuragarriagoa jartzea irtenbide bat izan» daitekeela gehitu zuen.
Azkenik, EH Bilduk eta Ordizia Orainek, gai horren inguruan hitz egin eta proposamenak jasotzeko jarrera erakutsi zion udal gobernuari.