«Neguan pistan ibiltzea mesedegarria da»
Goierrin ez dago pistan aritzeko ohitura handirik. Jon Arakama (Zegama, 2000) txirrindulariak, ordea, nahiago du pista ziklo-krosa baino.
Nolatan zaletu zinen? ...
Goierrin ez dago pistan aritzeko ohitura handirik. Jon Arakama (Zegama, 2000) txirrindulariak, ordea, nahiago du pista ziklo-krosa baino.
Nolatan zaletu zinen?
Aita ere bizikletan ibili zen bere garaian. Kadete mailan hasi zen eta afizionatu mailara arte lehiatu zen. Etxean beti bizikletak ikusi ditut, aitarekin bizikletan ibiltzen nintzen… Hala, ez da harritzekoa txirrindularitza gustuko izatea. Nire lehen lasterketa Zegamako festetakoa izan zen. Gustatu egin zitzaidan eta Ordiziako txirrindularitza elkartean izena eman nuen. Kimu mailan hasi nintzen eta aurten gazte mailako bigarren urtea hasi dut.
Nolako txirrindularia zara?
Gazte mailan ondo ibiltzeko terreno guztietan ondo ibili behar da.
Lasterketaren bat irabazi al duzu?
Errepidean, kadete mailako bigarren urtean, Urretxuko lasterketa irabazi nuen. Iaz, gazte mailako lehen urtean, ez nuen lasterketarik irabaztea lortu. Izan ere, kadete mailatik gazte mailara saltoa nabari da. Dena den, postu on batzuk lortu nituen.
Aurtengoa gazte mailako bigarren urtea duzu. Zein da zure helburua? Lasterketaren bat irabaztea?
Hori da. Gainera, lasterketa garrantzitsuenetako bat, Gipuzkoako Itzulia, Zegaman hasiko da. Ahalik eta itxura onena ematen saiatuko naiz. Ea ondo irteten den.
Nolakoa izango da lehen etapa hori?
Zegaman hasi eta amaituko da. Prologoa izango da.
Pistan ibiltzen zarenez, erlojuaren aurkako etapetan ondo moldatuko zara.
Bai. Jazarpen indibiduala asko gustatzen zait eta nahiko ondo moldatzen naiz. Pistako proba luzeak ere gustuko ditut. Hori dela eta, Zegamako prologoan lan ona egitea espero dut. Gutxi gorabehera pistako proba baten antzekoa izango da: motza eta hasieratik egurra eman behar dena.
Datorren urtean 23 urte azpi-koen mailara pasako zara.
Ampok 23 urte azpikoen taldea ere badu eta hori oso positiboa da. Izan ere, lasaitasuna ematen digu. Bestela, gazte mailako bigarren urtearen ondoren talde bila hasi beharko ginateke.
Nolatan animatu zinen pista egitera?
Kadete mailako lehen urtea hasi aurretik, neguan ziklo-krosa edo pista egitea eskaini ziguten. Gehienek ziklo-krosa aukeratu zuten, baina nik pista hautatu nuen. Gustatu egin zitzaidan, moldatzen nintzela ikusi nuen eta jarraitzea erabaki nuen. Aurtengoa laugarren denboraldia dut.
Zergatik gustatu zitzaizun horrenbeste pistan ibiltzea?
Pistan abiadura asko nabaritzen da. Gainera, tropelean ibiltzen ikasteko beharrezkoa den teknika eskuratzeko oso baliagarria da. Jendeak ziklo-krosa teknikoki hobetzeko oso ona dela esaten du, baina pistan ez dago frenorik, abiadura handian ibiltzen gara eta tropelean joaten gara. Esprintean hobetzeko ere oso ona da.
Zein da gehien gustatzen zaizun modalitatea?
Proba luzeak gustatzen zaizkit gehien. Ordu erdi ingurukoak izaten dira. Pistan, atletismoan bezala, bi motatako probak daude:?motzak eta luzeak. Omnium proba gustatzen zait. Lau probek osatzen dute: scratch, tempo, eliminazioa eta puntuazioa. Puntuazioa, jazarpena eta taldekako jazarpena ere asko gustatzen zaizkit. Iaz Espainiako Txapelketa irabazi genuen.
Pistan egindako lana asko nabaritzen al da errepidean?
Bai. Pistan kadentzia mantendu egiten da, abiadura handian ibiltzen gara… oso mesedegarria da. Gainera, neguan ibiltzea oso gomendagarria da.
Goierritar asko joaten al zarete Donostiako belodromora?
Gazte mailan, hiru gara. Haritz Urra lazkaotarra, Iraitz Mendizabal beasaindarra eta ni. Ziklo-krosa egiten dutenak gehiago dira. Nik ez dut sekula ziklo-krosik egin, baina ikustea asko gustatzen zait. Legazpira joan nintzen, Espainiako Txapelketa ikustera. Madrilen Espainiako Kopako lasterketa nuen, baina aurreko igandean erorketa izan nuen eta atseden hartzea gomendatu zidaten.
Nola izan zen erorketa?
Espainiako Kopako Valentziako proban izan zen. Despistatu egin nintzen. Pena izan zen, laugarren bainindoan.
Zein garaipen lortu dituzu orain arte?
Kadete mailan, taldekako jazarpenean, Espainiako azpitxapeldun izan ginen. Gazte mailan, berriz, Espainiako Txapelketa irabazi genuen. Bakarka, kadete mailan, Gipuzkoako txapelketan hirugarren egin nuen eta Euskadikoan bigarren. Bestalde, kadete mailan Espainiako Txapelketan laugarren gelditu nintzen, jazarpe-nean. Iaz, gazte mailako lehen urtean, bosgarren egin nuen Espainiako Txapelketan.
Zer da arriskutsuagoa, errepidea ala pista?
Biak dira arriskutsuak. Errepidean tropelean joan behar da, baina frenoak eta ihesbideak ditugu. Pistan ez dago ihesbiderik, ez frenorik.
Zer ari zara ikasten?
Batxilergoko bigarren maila egiten ari naiz Beasaingo Txindoki institutuan. Datorren ikasturtean goi mailako ziklo bat egin nahi dut Goierri Eskolan.