Beasaingo Udalak elurtearen protokoloa jarri du martxan
Eguraldi iragarpenaren arabera, elurra egingo du gaur arratsaldetik bihar eguerdira bitartean. Lehenengo elur malutak erortzen hasi dira Etzegaraten eta Brinkolan, eta Beasaingo Udalak dagoeneko martxan jarri du udalerrian elurteei aurre egiteko protokoloa Zerbitzu Sailaren bidez.
Udalak zehaztu dutenez, “kasu hauetarako,udalak 21 langile ditu prest elurrak eragin ditzakeen ondorioak saihesteko. Kale garbiketako, lan brigadako eta lorategietako brigadako langileak eta errefortzuko langileak izango dira eginkizun honetaz arduratuko direnak”. Udalerriko eremu ezberdinetan banatuta egongo dira eta “eskura izango dituzten bitartekoak gatza banatzeko ibilgailuak, elurra kentzeko makinak, eta makina garbitzaileak izango dira, elurra kentzeko erabiltzen den tresneriarekin batera. Horretaz gain, izotza sortu ohi den puntuetan gatz-zakuak banatuko dira”.
Udalerrian elurra kentzeko lehentasuna izango duten tokiak ibilbideak, zebra bideak, espaloiak eta eraikin publikoetara iristeko bideak izango dira; horiekin batera, baita zaharren egoitza, eguneko zentroa, osasun etxea, ikastetxeak eta abar.
Udalaren esanetan, “iragarpenek diotenez, baliteke datorren astelehenetik aurrera elurra 100 metroko altueran egitea. Hala balitz protokoloak martxan jarraituko du iragarpenek aurkakoa esaten ez duten bitartean”.