Gari Bravo eta Jon Ander Intsausti, ihesaldiko une batean. // Argazkia: Volta Valencia
Valentziako Voltako 2. etapa jokatu dute gaur, eta bi goierritar izan dira eguneko ihesaldi nagusiko protagonisten artean: Gari Bravo lazkaotarra (Murias) eta Jon Ander Intsausti mutiloarra (Euskadi).
Beteratik abiatu da 154 kilometroko etapa eta Albuixech herrian bukatu da. Hamahirugarren kilometrorako ihes eginda zen bost laguneko talde bat, eta bertan ziren bi goierritarrak. Zazpi minututik gorako aldea ere atera diote tropelari, baina 50. kilometrotik aurrera tartea gutxitzen joan da, harik eta helmugarako 35 kilometroren faltan, tropel nagusiak iheslariak harrapatu dituen arte. Azkenean, Alejandro Valverdek jaso ditu besoak helmugan.
Etapa garaipenerako aukerarik gabe gelditu da boskotea beraz, baina Gari Bravo lazkaotarrak izan du saria, mendiko sailkapeneko lider jarri baita. Etaparen amaieran berak jantziko du mendiko mailota.