Igone Campos: «Sariari esker, Alaskako parke nazional batean eskiatuko dut»
Igone Camposek (Zumarraga, 1991) Dynafit markaren Mountopia lehiaketa irabazi du. Alaskara joango da martxoan. Euskal Herriko mendiko eski selekzioko kidea da. Nolatan halako kirol zaletasuna? Umetatik gurasoek Pirinioetara eraman gaituzte.
Igone Camposek (Zumarraga, 1991) Dynafit markaren Mountopia lehiaketa irabazi du. Alaskara joango da martxoan. Euskal Herriko mendiko eski selekzioko kidea da.
Nolatan halako kirol zaletasuna?
Umetatik gurasoek Pirinioetara eraman gaituzte. Sei urte nituenean gurasoek Jakan pisua erosi zuten eta txiki-txikitatik joaten gara eskiatzera. Maldan behera eskiatzen ondo ikasi nuenean, mendiko eskian hastea erabaki nuen. Asko gustatu zitzaidan eta engantxatu egin nintzen. Hasieran mendiko lasterketak egin nituen eta ondoren mendiko eskia egiten hasi nintzen. Mendiko eskian euskal selekzioan nago eta mendiko lasterketetan nire kasa ibiltzen naiz.
Emaitza onak lortzen ari al zara?
Euskal selekzioarekin Espainiako txapelketako probetan parte hartzen ari naiz. Duela hiru aste Katalunian egon ginen eta nahiko emaitza ona lortu genuen. Bestalde, iaz bosgarren egin nuen Altitoy-Ternua proba ezagunean. Proba hau bikoteka egiten da. Hori izan da nire emaitza onena.
Mendiko lasterketetan ere emaitza onak lortu al dituzu?
10 eta 40 kilometro arteko luzera duten lasterketetan parte hartzen dut. Iazko irailean Eskozian egon nintzen eta munduko txapelketako proba batean parte hartu nuen. Hamargarren postua lortu nuen. Oso pozik itzuli nintzen.
Zegama-Aizkorrin parte hartzen al duzu?
Oraindik ez dut dortsalik lortu. Iaz kilometro bertikalean parte hartu nuen. Ea aurten maratoiko dortsala lortzen dudan. Eliteko kirolariei dagokienetako bat lortzen ez badut, zozketan parte hartuko dut.
Nolatan erabaki zenuen Mountopia lehiaketan parte hartzea?
Lehiaketa hau Dynafit markak antolatzen du. Euskal Herri mailan agian ez da oso ezaguna, baina Europan bai. Lehiaketaren berri izan nuen eta parte hartzea erabaki nuen. Internetera entrenamenduetako argazkiak igotzea eta botoak lortzea zen kontua eta argazkigintza asko gustatzen zaidanez… Nire ametsa zein den azaldu eta amets hori lortzeko egiten ari naizen bidea erakutsi behar nuen.
Boto asko lortu dituzu.
Facebook, Instagram eta Whatsapp bidez, ingurukoei botoa emateko eskatu nien. Oso erantzun ona jaso dut eta jendeari eskerrak eman nahi dizkiot. Argazki asko bozkatu behar izan dituzte eta 20.000 boto inguru lortu ditut.
Jende askok parte hartu du lehiaketa honetan.
530 lagunek eman genuen izena eta hamar lagun sailkatu ginen finalera. Ondoren, beste bozketa bat egin zuten. Hirugarren gelditu nintzen, baina antolatzaileek egitasmoaren eta argazkien kalitatea eta sare sozialetan egindako ahalegina ere kontuan izan zituzten.
Zure ametsa Alaskara joatea da.
Alaskako parke nazional batean eskiatuko dut, gidari batzuen laguntzaz. Bestalde, helikopteroz mendi batera igo eta eskiatzen jaisteko asmoa dut. Dynafit enpresak 8.000 euro, neguko arropa eta eskiak emango dizkit. Martxo bukaeran joango naiz eta, uzten badidate, lagun bat eramango dut. Hiru aste emango ditut Alaskan, gutxi gorabehera.
Sekulako poza hartuko zenuen lehiaketa irabazi zenuela jakin zenuenean.
Oso pozik nago. Mundu mailako lehiaketa bat da eta iaz estatubatuar batek irabazi zuen. Zumarraga bezalako herri txiki bateko eskiatzaile batek irabaztea sekulakoa da.
Non egiten duzu lan?
Ingurumen Zientziak ikasi nuen eta ondoren irakasle izateko masterra egin nuen. Altsasuko ikastolan lan egiten dut. Natur zientzia eta matematika eskolak ematen ditut. Altsasun lan egitea oso ondo dago. Izan ere, lanetik 14:30ean irteten naiz eta etxera bidean Aizkorrira joateko aukera dut. Otzaurtetik berehala iristen naiz.
Herrian entrenatzen duzu-nean, nora joaten zara?
Izazpira astero joaten naiz. Irimora eta Txindokira ere asko joaten naiz.
Eskiatzera apur bat urrutiago joan beharko zara.
Asteazkenetan lehenago irteten naiz lanetik eta Jaka aldera joaten naiz. Asteburuetan ere Pirinioetara joaten naiz. Herrian nagoenean, korrika egitera joaten naiz edo patinekin entrenatzen dut. Dena den, azkenaldian elur dezente egin dut eta hemen bertan entrenatu ahal izan dut.