Oier Artola, Ander Fernandez eta Xabier Auzmendi.
Xabier Auzmendi lazkaotatarra Real Cetik, Ander Fernandez Aretxebaletako Udatik eta Oier Artola dira de denboraldia amaitu bitartean Beasain KEko lehen taldea indartuko duten jokalari berriak. Honela, min hartuta dagoen Pablo Balerdi eta Alex Aizpuru “Kaxe” (Rapido de Bouzas taldeak fitxatuta) jokalarien lekua beteko dute.
Neguko fitxaketen garaia aprobetxatu du Beasainek 3. Mailako taldea indartzeko. Izan ere, zuzendaritzaren esanetan, “azken hilabetan bi baja garrantzitsu izan ditu erasoko postuetan; Pablo Balerdik izandako belauneko lesio larriaren ondorioz denboraldi osoa galduko du berriki egin dioten ebakuntzaren ondotik eta Alex Aizpuru ‘Kaxe’-k taldea utzi zuen Galiziako Rapido de Bouzas taldeak fitxatuta. Pablo osatzeko bidean da eta berehala taldekideekin lehenbailehen egoteko desioa luzatu nahi dio zuzendaritzak”.
Hiru jokalari
Xabier Auzmendi lazkaotarra punta erdian jokatzen duen jokalaria da. Realak utzita dator, 20 urte ditu eta ‘C’ taldean jokatzetik dator. Aurretik Lazkaoko eta Antiguokoko gazte mailatan egona da.
Ander Fernandez eta Oier Artola aurrelariak dira. Lehena Aramaiokoa da, 22 urte ditu eta gazte mailan Arrasate, Aretxabaleta eta Eibarren izana da. Azken lau denboraldiak Aretxabaletan egin ditu ohorezko mailan eta aurten 10 gol sartu ditu. “Eta Oier Artola ezaguna zaigu. Ikaztegietarrak duela bi urte utzi zuen futbola Beasainen baina sasoi onean mantendu da. Goleatzailea, hirugarren mailan zaildutakoa da. Beasainez gain Gernikan eta Getxoko Arenasen jokatutakoa. Bere esperientzia eta golerako duen sena ekarriko ditu. Hirurak Urtzi Arrondoren esanetara daude eta denboraldi amaiera arte sinatu dute”.
Larunbatean liderraren bisita etxean
Larunbatean, 16:30ean Durangoko Kulturalaren bisita jasoko du Beasainek Loinatzen. Azken asteetako emaitzen ondorioz Beasain laugarren postuan kokatu da baina liderrarengandik gertu, lau puntura. “Sailkapena play off-eko postuetan estu dago: Durangarrak lehenak 42 punturekin, bigarren Portugalete 40rekin, hirugarren Sestao 39rekin, laugarren Beasain 38rekin eta bosgarren eta seigarren daude puntu berdinekin Lagun Onak eta Real Sociedad C”.
Horregatik, partiduaren garrantziaz jabetuta Beasain KEko zuzendaritzak zale guztiei deialdi berezia egin nahi die taldea animatzera joan daitezen larunbat honetan:”Garrantzitsua da larunbatean garaipena lortzea goiko postuetatik ez urruntzekoeta batez bolada txarrari amaiera emateko”.