Hasi da kaldereroen festa Ordizian
Inauterien atariko, Kalderero Eguna ospatzen ari dira gaur Ordizian. Eguerdian bota dute festari hasiera eman dion suziria udaletxeko balkoitik. Umeak dira goiz parteko jaiaren protagonistak, eta plazatik abiatuta, desfile koloretsua egin dute herriko kaleetan, musikak eta lapiko hotsek lagunduta. Laguntasuna Errondailak eta Umore Ona abesbatzak ere parte hartu dute goizeko ekitaldian.
Arratsaldean helduen txanda izango da. Zozomikote lagun dutela, poteoa eta desfilea egingo dituzte. 18:30ean aterako da konpartsa Lekuona plazatik, eta herria zeharkatu eta gero, plazan bukatuko dute ibilbidea, erretretarekin. Dantza eta kantu emanaldiak ere izango dituzte.