III. San Blas toka txapelketa ospatu dute Idiazabalen
Jubilatuen elkarteak antolatu du lehiaketa, eta haurrek eta helduek hartu dute parte.
III. San Blas toka lehiaketa ospatu dute Idiazabalgo plazan, jubilatuen elkarteak antolatuta. Zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrek eta helduek parte hartu dute bertan. Txapelketaren ondoren, hamaiketakoa egin dute plazan gerturatu direnen artean. Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariek emanaldia egin dute eguerdiko ordubatean, eta ondoren bertso-bazkaria egin dute, Xumen. Arratsaldea borobiltzeko, Euskal Dantzen ekitaldia, Joselu Anaiak taldearen erromeria, Santa Ageda bezperako kantaldia eta Axari igoera prestatu dituzte.
Bihar bukatuko dira 2018ko Idiazabalgo San Blas jaiak. Goizean zehar, nerabeentzat koadrila jokoak eta haurrentzat tailerrak antolatu dituzte. Haur parkea egun osoan zehar egongo da, 10:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Kale marrazketa txapelketako sari-banaketarekin agurtuko dituzte, eguerdiko ordubatean, aurtengo festak.