Euritan bustitako San Blasak
Ostiralean hasi zituzten ofizialki San Blas jaiak idiazabaldarrek. Birigarroa Txistulari Elkarteko kideek irakurri zuten jaien hasierako pregoia

Birigarroa Txistulari Elkartekoek izan dute aurten pregoia irakurtzeko ardura // Argazkiak: Jon Esnaola
Haurren play-backarekin hasi ziren berotzen idiazabaldarrak ostiral arratsaldean. Jende ugari elkartu zen herriko plazan, txikienek prestatutako emanaldia ikusteko. Handik igandera arte, egitarau bete-betea izan dute.
Kirol ekitaldiak
Idiazabalgo San Blas jaien barruan, kirol ekitaldi ugari izan ohi da urtero. Kirol proba horien artean, 30. Txirrindulari Lasterketa Herrikoia jokatu zuten larunbat goizean. Dozenaka herritarrek parte hartu zuten, haurren nahiz helduen probetan. Helduenean, Mikel Lasa izan da aurten azkarrena, eta Josu Urrestarazuk eta Andoni Catalinak osatu dute podiuma. Proba bukatu ondoren, plazan bildu ziren denak, eta sari banaketa egin zuten.
Arratsaldean berriz, profesionalen eskuzko pilota partidak jokatu zituzten. Altuna III.ak eta Martijak, 22 eta 11 irabazi zieten Urrutikoetxea eta Untoriari. Binakako txapelketan finalerdietara pasako dira garaileak.












